![]() |
Elkar ezagutu > Proiektuetan batu >Herritarrak mugiarazi > Egoerari buelta eman :) |
Martitzean Ortuellako Gizarte Sarea osatzeko bigarren bilera izan genuen. Aurrekoan bezala partaide guztiek Justizia Sozialaren aldeko konpromisoa berretsi eta aldeko apustua egin zuten.
Bilera honetara hurbildu ziren elkarteek, euren ekimen eta ibilbideren berri eman, eta ikusten dituzten gabeziak mahaigaineratu zituzten. Hauek dira bileratik ateratako inpresio batzuk, zeu bertan izan bazinen, zeureak ere jar ditzakezu:
- Partaide gehienek Ortuellako Udala, eta alderdiak, urrun ikusten dituzte herritarrengandik eta euren arazoetatik. Udala geldi dago.
- Ez dago udal politikan parte hartzeko aukera askorik, eta dauden bideek; batzordeak, proposamenak, idazkiak... ez omen dute gauza askotarako balio. (Puntu honen inguruan iritzi ezberdinak egon dira)
- Elkarteetan ere nekea sumatzen da; urteetako borroken desgastea, mesfidantzak, jende gutxi lanean, besteen errealitatearen ezagutza falta... Dena dela, lan egiteko gogoa aipatu da, hitza hartu duten guztiek horixe aldarrikatu dute.
- Elkarteen arteko dinamika berreskuratzeko ahalegina egin behar dugu. Auzotarrok batu eta elkarlanerako hau bezalako guneen beharra azpimarratu da.
Eta orain zer?
Beno, hurrengo batzarrerako denon artean lehentasunak markatu, eta helburuak eta ekintzak zehatzak adosten hasteko proposatu da. Ziur gaude lana ez dela erraza izango, baina hitz egin dugun jende guztia oso animatuta ikusten ari gara.
Eta nik, zer egin dezaket?
Ortuellarra bazara eta zure herria maite baduzu, hurrengo batzarrera etorri eta ekarpenak egin, erraza da, ezta?
Hurrengo batzarra: Otsailaren 26an, martitzena, 19:00etan OKEn
Bukatzeko positibomb tanta. Une hitsak datoz, baina koloreak ere badaude.