2013/04/30

Ortuellan idiotak gara!

Bai lagunok, halaxe da, Ortuellak ez dauka konpontzerik, idiotak gara! Eta froga gehiago behar bazenuten hemen duzue azken adibidea. 

Duela bi hilabete Foro125 elkarteak boluntarioen bidez elikagaien bankua martxan jartzeko asmoa adierazi zuen. Helburua Ortuellan laguntza behar dutenen artean elkartasun sarea hedatzea da. Apirilaren 11n euren blogean zabaldu eta herriko karteldegietan kartela inkatu zuten. Bada, 2 aste beranduago Ortuellako PNVkoek helburu berbera duen beste ekimen bat antolatu dute. Alaporai!

Bizi garen egoera latzean elkartasuna behar-beharrezkoa bada ere, gisa horretako ekimenak hasieratik ondo bideratu behar dira. Lanean dauden eragileekin adostuta (Udaleko gizarte zerbitzuak, Caritas, Bizkaiko elikagaien bankua...)  eta batez ere, inolako protagonismorik bilatu gabe.

2013/04/23

Meatzaldean bizi eta lan!


 
Meatzaldean eta Ezkerraldean langabezia eta murrizketen aurka dauden elkarte, kolektibo eta norbanakoen izenean deialdia egin da Maiatzaren Lehena elkarrekin antolatzeko. 

Deialdiaren helburuak bi dira: batetik, gure eskualdean pairatzen dugun langabezia eta pobrezia egoerak azalaraztea, eta bestetik; langileon borroka sistema aldatzeko tresna baliotsua dela aldarrikatzea. 

Denok elkarrekin Ortuellako Udaletxetik 09:30ean irtengo den zutabean parte hartzera animatzen zaituztegu! 



2013/04/21

gizona ez da ona


Steve Cutts ilustratzaile ingelesak egindako bideoa. Kapitalismoaren arabera moldatutako egungo gizakiaren estereotipoari, ironiaz betetako kritika zorrotza.

2013/04/16

Maiatzaren Lehena antolatzeko deialdia

Meatzaldeko plataforma sozial, auzotar elkarte, gizarte arloko kezkak ditugun langabetu asanblada, gazte asanblada, kolektibo eta erakundeek Maiatzaren Lehena antolatuko dugu elkarrekin gure eskualdean.

Ortuellatik abiatuz, Trapagaran gurutzatuz eta Sestaora iritsiko den martxa bat eginez. Lehengo meatzariak bezala gaurko herritarrek ere kapitalismoaren alternatiba eraiki nahi dugulako: aberastasuna banatu, lana banatu, boterea herritarrek kudeatu. Meatzaldean inon baino gehiago boteretsuen interesen gainetik pertsona oinarri duen mundua nahi dugulako.
Maiatzaren Lehena antolatzeko bilera, apirilak 18, osteguna, 19:30etan Trapagarango gaztetxean. Norbanako, elkarte, kolektibo sozial edo erakunde guztiei irekia;
LAU KATUn deialdiarekin bat egiten dugu. 
Gora Maiatzaren Lehena!

2013/04/09

talibanak gara

Martxoaren 24an, KORRIKAren bukaeran, Baionako udaletxearen pareko plazatik LAU KATUn gabiltzan lagunok Amets Arzallusen hitzak entzun ahal izan genituen. Gure arteko gehienok euskaldun-berriak gara, harro gaude horretaz, eta pozik hartu genuen lekukoaren barruan zegoen mezuaren esanahia.

Sei egun beranduago, aberri egunaren bezperan, Itsasun, politikari abertzaleen  aurrean, euskarari ematen zaion trataeraren inguruan zorrotz mintzatu zen bertsolari lapurtarra: Batzuk diote hizkuntzaz ari naizelarik integrista bat naizela. Talibana ere entzun izan dut. Ez nekien hemen koerentea izateari talibana esaten zitzaionik.  

Meatzaldean, Ortuellan bertan, askotan entzun izan ditugu horrelako berbak, baita gogorragoak ere, eta horregatik konpartitzen dugu Ametsen bigarren diskurtsoa ere bai.