2012/05/10

Mila esker Su Ta Gar!


Aitor Gorosabalek 2008ko Ortuellako jaietan emandako azalpen borobilak. Zeuk zer uste duzu?

"Nik uste dut hemen abizen erdaldun badituzten jende asko eta asko daudela, eta beraien gurasoak eta... baita Espainian bizi den jende asko ere errespetoa merezi dutela, baldin eta gu errespetatzea nahi baldin badugu.... Eta badaude burugogor batzuk txistu egingo dutenak, baina ulertu behar duenak ulertu du eta ikusi nahi duenak ikusiko du. Eta besteek beren bidea jarraituko dute, beti hormaren kontra buruarekin jotzen... Egin nahi duzuena baina ez nuke nahi ez "españoles hijos de puta", ez "español el que no vote" ze jende asko ezagutzen dut nik Espainian eta Euskal Herrian ezagutzen doten asko baino askoz jatorragoak dira eta gure aldeko asko baino jatorragoak"

Zorionez Ortuellan bizi garen gehienok ez gara bideoan aipatzen dituen horien modukoak.

M15, urte bat pasa da

Duela urte bat mugitzen ez zen jende asko hasi zen kalera ateratzen. Hilabete hauetan batzuk galdu dira, beste batzuk noraezean dabiltza oraindik, baina badaude hasieratik gauzak oso argi dituzten lagunak. Askok SOLi begiratu barik gure plazan gauero eguzki betea nahi dugula ozenki esaten dugu.

Horretan ere, Euskal Herria ezberdina dela ikusi zen. Atzo bertan, berriz ere, bateragune auziak erakutsi duen moduan. Baina gure egoeratik abiatuta duela urte bat aldarrikatzen zen hura, egun ere eskatzea erabat logikoa da: DEMOKRAZIA ETA ESKU HARTZE ZUZENA ORAIN!

2012/05/09

jaietan ere, denon eskubideak defendatu!


Barikuan Ortuellako jaiak hasiko dira eta lagunen artean ondo pasatzeko aukera izateaz gain, nahi dugun herria aldarrikatzeko ere une aproposa dela uste dugu; herri bizia, solidarioa, egunero berrasmatuko dena/duguna, guztiona eta guztiontzat.

Hori dela eta, jaietan ere eskubideak izaten jarraitzen dugula gogoratu behar da, norbanakoak zein kolektiboak, eta eskubide horien defentsan denon inplikazioa ezinbestekoa dugu. Horregatik, jaietatik erasoak eta irainak baztertu behar dira, batez ere eraso sexistak. Gogoan izan pertsonen arteko elkarbizitza zaintzea denon ardura dela, ortuellarrona zein kanpotik datozen lagunena. Bestetik, Ortuella ez da munduko herririk politena izango, baina geure herria da eta beraz; denon ondasunak zaintzen saiatu beharko genuke; parkeak, kaleak....

Jarraitzeko, jaietan desinhibitzeko drogak hartzen baditugu modu osasuntsuago batean erabiltzen saiatuko gara, hau da, ahalik eta hobekien pasatu zeure burua eta ingurukoak kaltetu barik. Amaitzen joateko, Ortuellan ere bakea eta askatasuna nahi dugula gogorarazi nahi dugu eta puntu honetan Patxiren egoera gogora ekarri nahiko genuke; ahalik lasterren herrian ikusi nahi dugu, bai bera, baita beste guztiak ere.

Azkenik, MURRIZKETAK, GEZURRAK eta LEGEAK inposatu nahi dizkiguten bitartean, LAU KATUtik jaietan ere ESKUBIDEAK, EGIA eta JUSTIZIA aldarrikatzeko animatzen zaituztegu. Beraz, primeran pasa eta denon artean herria egiten jarrai dezagun!

2012/05/06

bertso bazkaria, primerakoa!

Zelako Gazte Eguna izan dugun! Gazte Asanbladako lagunek lan handia egin dute eta emaitza bikaina izan da. Bertso bazkaria ere primeran atera da 93 lagun batu gara, eskerrak paellera handia topatu dugun! :) Antolakuntzan ibili zareten guztioi, ZORIONAK!
Ikusi argazkiak eta bideoa.

LAU KATUtik bi kontu soilik:
Alde batetik, eskerrak eman nahi dizkiegu Onintzari, Frediri eta Beñati bertso bazkarira etortzeagatik, musutruk gainera! Biba zuek!

Bestetik, dakizuenez LAU KATUren helburuen artean Ortuellan euskara bultzatzea dago. Beraz, gu ez gara eroriko batzuek sortu nahi dituzten polemika antzuetan eta argi utzi nahi dugu ez dugula inolako boikot kanpainarik egingo Udalak datorren astean antolatuko duen beste bertso bazkariaren kontra. Eta aprobetxatu nahi dugu hau esateko: Ortuellan euskararen alde lan egingo bada, herritik antolatzen diren ekimenak babestu eta sustatu behar dira; elkarlana bultzatuz, inposaketarik gabe, inolako protagonismorik bilatu barik... LAU KATUn horretan gabiltza eta ibiliko gara.

Bukatzeko gogoratu; HERRI BAT, GAZTETXE BAT! Ondo bizi lagunok eta hurrengo Gazte Egunera arte!

2012/05/03

seguruak dira zentral nuklearrak?


Bai zera! Atzo bertan Lyongo zentral nuklear baten seguritatea erraz gainditu zuen Greenpeaceko aktibista batek, eta inolako arazo barik "bonba" bat jaurti zuen erreaktore baten gainean. Non dago saldu diguten seguritatea? Garoña hortxe izanda ez zaude urduri?
Nuklearrik ez hemen, ez inon!

gazte eguna 2012



Gaztea izatea ez da sekulan erraza izan, baina ematen du gero eta zailago bihurtzen ari dela nork bere bizitza proiektua aurrera ateratzea: lan baldintzak, etxebizitza, aisialdi programatua, zapalkuntza ezberdinak... Agian horregatik gazte asko ilusioak albo batera utzita sistemaren mekanismoa barruan erortzen dira; kontsumismoan, berekoikerian eta aspertze etengabean. Hori dela eta, gazte talde bat ekintzetara pasatzen denean denok poztu beharko ginateke.

Larunbat honetan Ortuellako Gazte Asanbladak antolatuta Gazte Eguna egingo da. Guk, nola ez! parte hartuko dugu, gutako batzuk adinez apur bat nagusi izan arren, bihotz gazte eta errebelde dugu oraindino :) Eta zeu, etorriko zara? Animatu eta parte hartu!


Egitaraua:
11:30ean Kalejira
12:00etan Umeentzako jolasak
13:00ean Bertso poteoa
14:00etan Bertso bazkaria: Fredi Paia, Onintza Enbeita eta Beñat Vidal
Bazkaldu ostean: Herri Olinpiadak, bingoa
19:30ean Eskalating kutxak eta gero Yo-Yo emanaldia
21:30ean Kontzertuak.
Kriminal Forceps
Calcetines y Cachetes
Ustelak Ustel
Luz de Putas

2012/05/02

martxa nahi dugu


(Igorrek bidalita)

Kaixo lagunok
Ezkerraldeko eragileak ekainerako martxa potente bat antolatzen hasiak gabiltza. Honetarako Meatzaldeko eragileak ere batzea nahiko genuke.

Hurrengo maiatzaren 7an, arratsaldeko 18:30tan, ekimena antolatu eta eragileen artean zabaltzeko bilera planteatu dugu Sestaon (Langabetuen Asanbladako lokalean, Txabarri 99-101). Berton ikusiko garelakoan
Ondo izan


Gutako batzuk hurbilduko dira, zeu animatuz gero etorri gurekin, izan ere; LAU KATUn martxa nahi dugu eta.


zaindu Meatzaldea, edalontziak berrerabili!

Badatoz jaiak Meatzaldera, eta horrekin batera plastikozko milaka eta milaka edalontzi erabili eta botako dira egunero eta gauero gure kaleetan. Plastikozko milaka edalontzi hauek egin eta garraiatzeko hainbeste energia eta lehengai xahutu ondoren, guztiak erraustegian amaituko dira.

Gure esku dago hau etetea. Zure esku dago milaka edalontzi hauen kopurua pixka bat gutxitzea. Atera ezazu etxetik edalontzi berrerabilgarri bat eta erabili ezazu tabernetan, txosnetan, edonon.