2012/04/29

maiatza globala izango da!

Mobilizazio globalerako deialdia gauzatzen ari da maiatzerako. Aukera ona da kolektibo eta herritar guztiok indarrak batu eta, maila guztietan, salaketa eta aldarrikapen jendetsua, anitza, parte-hartzailea, baketsua eta sortzailea egiteko, gizartean eta sisteman aldaketa sakona eragingo duena, tokiko ekintza guztiak koordinatu eta batu ditzakeena, egoerak eskatzen duen ikuspegi globalarekin konbinatuz. Aukera paregabea da.

Ekitaldi horietako egunik garrantzitsuena maiatzaren 12a izango da: hainbat kolektibok eta herritarrek Arriaga Plazan garatu nahi izango dituzten jarduerez aparte, manifestaldi bat egingo dugu, pertsona guztiena izango den manifestaldia, gizarte-mugimendu guzti-guztiek euren burua islatuta ikusiko dutena.

Edozein kasutan ere, mobilizazioa ez da Bilbora mugatuko, Bizkai osora ere zabalduko da, mundu osotik zabaldu nahi den bezalaxe.

2012/04/18

eta tira eta tunba

Tiroak eta tiroak. Elefanteak hiltzen dituzten moduan orain geu ere akabatu nahi gaituzte.  Murrizketak, murrizketak, murrizketak... bata bestearen atzetik datozkigu; lan munduan, osasunean, hezkuntzan... eta orain, kexatzea ere debekatu nahi dute, protestatzea delitu bihurtuta Gandhi ere terrorista da! Horregatik diogu; protesta zibila kriminalizatzea Giza Eskubideak erasotzea da! Jipoitzea da beraz errezeta bakarra; plazetan biltzen diren ikasleen kontra, kalera irteten diren langileen kontra, edo futbolaz gozatu nahi duten zaleen kontra. Iñigo Cabacas hil dutenak lasai ibiliko euren bulegoetan kobertura politiko-mediatikoak ondo babestuta!

Ortuellan ere, lanean lagun asko dabiltza erasoaldiari aurre egiten. Beste batzuk ordea, no saben por dónde van los tiros. Halaxe gertatzen omen zaie gobernatu nahi gaituzteen batzuei, ez dira enteratzen, edo okerrago ez dute enteratu nahi. Ekarpenak ez dituzten aintzat hartzen eta autokritika falta handia bada, askozaz handiago duten jarrera prepotentea. Baina, LAU KATUn geurera, lanera gogotik, poliki baina gelditu barik:

GAZTE EGUNA
Ortuellako Gazte Asanbladarekin elkarlanean antolatu dugun BERTSO BAZKARI GAZTEA aurrera doa. Hemen duzue informazio guztia. Txartelak salgai daude Iredon, Txoko Atxitun eta Gazte Lokalean. Ez itxaron azken unera arte!

DEBALDE
"Nire poesia oso merkea da herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari" Gabriel Aresti

1.- Bilboko alde zaharra hobeto ezagutzeko txangoaren kronika txikia.

2.- Zure bloga hobetu nahi duzu? Sare sozialak kudeatzen ikasi nahi duzu? Ikastaro praktikoa antolatzen ari gara. Interesatuta bazaude bidali mezua.

LAU KATUn ezagutza DEBALDE konpartitu nahi dugu. Zer eman nahi duzu? Zer jaso nahiko zenuke? Egin zure proposamenak!

MEATZALDEA BIZI-BIZIRIK!
Apirilak 20, ostirala
Enkarterriko Bertsolari Txapelketaren lehenengo kanporaketa Trapagarango Gaztetxean

Apirilak 21, larunbata

Plural/Anitzak elkarteak Montañora irteera interesgarria antolatu du.

2012/04/16

bertso bazkaria gazte egunean

GAZTE EGUNAren barruan LAU KATUk eta Ortuellako Gazte Asanbladak elkarlanean bertso bazkaria antolatu dugu. Txartelak 10 euro balio du eta Iredon, Txoko Atxitun edo Gazte Lokalean eros dezakezu.

LAU KATUtik elkarlana funtsezkotzat jotzen dugu herrian proiektuak aurrera atera ahal izateko,guk bide horretatik aurrera egingo dugu prest dauden elkarte eta norbanakoekin. Momentuz emandako pausoekin pozik gaude eta oraindik bide hori ulertzen ez dutenak nahi ditugu gurekin batera lan egiteko.

2012/04/12

Bilboko alde zaharretik... DEBALDE

Martxoaren 31n txango bat antolatu genuen Bilboko alde zaharraren historia hobeto ezagutzeko. Aitor Fernandez de Martikorena izan genuen gidari eta hamaika kontu bitxi entzun genituen ia hiru orduko ibilbide atseginean. Zazpi kaleetako elizak, jauregiak eta harresiak ikusi eta hiriaren historiatik bidaia egin genuen.

Beste auzotar batzuen konplizitatea ere topatu genuen. Errondabiden lagun batek gu ikusi eta harresian bertan zeukan denda erakutsi zigun, harresia barrutik nolakoa zen ulertzeko aukera ezin hobea. Belostikalen, Arana jauregian txirrina jo eta atea zabaldu zigun bertako bizilagun batek. Geroxeago, For arropa-dendan  barruko patioa zabaldu zigun dendari atseginak. Hirurak euskaldunak ziren; nork dio Bilbon ez dela euskaraz egiten?

Bukatzeko, pote bat Plaza Barrian eta elkarrekin bazkaltzera joan ginen. Horrelakoak gure historia ezagutzeko aukera ederra ematen digutenez, gehiagotan antolatzeko geratu gara. DEBALDE jakina!

OHARRA: Aitorrek alde zaharrari buruzko lotura hau bidali zigun Bilboko hiri historikoa. Mikelek ere informazio gehiago pasatu digu.

2012/04/08

Ortuellako "euskara" zinegotzia?

Kaixo lagunok:
Gaur ez gaude umore onez, gaur suminduta gaude. Harrituta utzi gaitu Ortuellako euskara zinegotziak, Borja Kristobal-ek hartu duen erabakia.

Bazekien, geuk esanda, maiatzaren 5ean Gazte egunaren harira bertso bazkaria antolatuko genuela; Onintza Enbeita, Fredi Paia eta Beñat Vidal bertsolariekin. Horren guztiaren antolakuntza gure esku geratzen zen, Udalari ez genion euro bakar bat ere eskatu hori bideratzeko, geuk autofinantzeko asmoa daukagu. Horixe bera gure blogean publikatu genuen, zeuei postaz zabaldu eta teknikariari jakinarazi genion.

Hara non, jaso berri dugu mezu bat euskara zerbitzutik esanez Udalak aste bat beranduago, maiatzaren 12an, beste bertso bazkari bat antolatuko duela. Ortuellako jaietan bertan. Geuk hori jakin bezain laster euskara teknikariari komentatu genion herriko jaietan normalean zaila izaten dela jendea batzea; bestelako bazkariak, afariak eta abar daudelako, eta gainera zazpi egun lehenago bestea antolatuta zegoela! Baina ez digute kasurik egin eta antza zinegotziaren erabakia izan da.

Zer demontre gertatu da hemen? Hori al da euskararen alde indarrak batzeko zuen modua? Hori da euskara sustatzea? Euskararen alde lan egiten dutenei oztopoak jartzea izango da euskara zinegotziaren jarrera? Haserre gaude Borja, oso haserre!

euskaraz bizi nahi dut