2011/12/29

LAU KATU izatetik HAMAIKA LAGUN izatera


Gaur LAU KATUren lehenengo hitzordua izan dugu, hemen duzu horren kronika txikia.

LAU KATU, izena eta izana. Hasteko, deialdia egin duten lagunen azalpenak entzun ditugu. Momentu horretan gutako batzuk apur bat galduta ibili dira; LAU KATUren funtzionamendua oraindik adostu gabe badago ere; argi dugu gurea ez dela "ohiko" elkarte bat izateko jaio, baizik eta topagune irekia bihurtzeko. Beraz, nahasmena laster gaindituta bi gairen inguruan aritu gara elkarlanean.

Nolako Ortuellan bizi nahi duzu? galderari erantzuteko dinamika bat planteatu dugu. Bakoitzak irudikatzen duen herria azaldu du, eta gero denon artean ideiak multzoka antolatzen ibili gara. Jasotakoa laster dokumentu batera ekarriko dugu, gero jende gehiagorekin konpartitu eta osatzen hasteko.

Jarraian, LAU KATUk nolakoa izan behar duen adosten ibili gara; zertarako, norekin lan egin, funtzionamendua... Oraindik findu beharko dugu eta aurreko dokumentuarekin batera zabalduko dugu.
Amaitzeko, parte hartu nahi duten lagunekin posta zerrenda egitea proposatu da. Modu berean sortzen diren ideiak ahalik eta lagun gehienekin konpartitzea denon esku geratuko da; e-posta, sare sozialak, kaleko kartelak... eta ahoz ahokoa jakina!

Etortzerik izan ez baduzu baina informazioa jaso nahi izanez gero, bidali mezua eta hurrengorako deituko dizugu.

2011/12/19

Lehen hitzordua. abenduaren 28an

Kaixo ortuellarrok!

Hutsune asko ditugu Ortuellan; herrigintzan, asialdian, kulturan, gazterian, emakumeon borrokan, euskara arloan... Baina era berean asko gara horixe aldatu nahi dugun herritarrok. Ortuellako lagun batzuk egoera tamalgarri hori salatu eta eraldatzeko gure ekarpena egin nahi izan dugu, eta beste talde eta norbanakoekin elkarlanean aritzeko LAU KATU kolektiboa sortzea pentsatu dugu.

Zer (izango) da LAU KATU?


LAU KATUk  topagune original, irekia eta erakargarria izan nahi du, herritarron interesak eta beharrak aintzat hartuko dituena. Horizontala; inongo menpekotasunik gabekoa, euskalduna eta euskaltzalea, autogestionatua eta askea. GUZTIONA eta GUZTIONTZAT.
Une honetan hastapenetan gaude. Momentuz, LAU KATU garatzen ari den ideia baino ez da, amets bat, eta beraz; erabat irekia da. Horregatik zeure ekarpenak eta ideiak beharrezkoak ditugu hau dena abian jarri ahal izateko. Orain arte egindako hausnarketak eta gogoetak zurekin konpartitu nahi ditugu, Zer iruditzen zaizu, horretaz berba egiteko geratzen bagara?

EGUNA: Abenduaren 28an, asteazkena.
ORDUA: 19:00etan
LEKUA: OKEn, Kultur Etxe berrian.