2012/12/14

Zer ikusi? EUSKAL HERRIA, EZKUTUKO ZORRA


Euskal Herria: Ezkutuko zorra from tropofilms on Vimeo.

Gaur egun, kontsumitzen ditugun material gehienak oso urrutitik ekartzen dira. Iparraldean kontsumitu eta ekoizten dugun produktu ugarik, Hegoaldeko herrialde txirotuetan dute jatorria, bertan kutsatzea edo langileak baldintza prekarioetan kontratatzea errazagoa eta merkeagoa baita. Gure jarduera ekonomikoak zein kontsumoak Hegoaldeko herrialdeetan kalte ekologiko eta sozialak eragiten dute, haiekiko zor bat sortuz; zor ekologikoa, alegia.

Bideo gehiago hemen

2012/12/12

Komunikazioa lantzeko tailerrak, DEBALDE!

Urtarrilerako Ortuellako Gazte Asanbladak egindako proposamenari jarraituz, KOMUNIKAZIOAREN INGURUKO TAILERRAK prestatzen ari gara; euskarri merkeak eta eraginkorrak, diseinurako sofware erraza, bloga eta sarea astintzeko gakoak,hizkuntzak, logoak, tipografiak...

Hasieran, kartelak egiteko gakoak ikusiko ditugu; herrian eta inguruan egiten dena ikusi eta hobetzeko proposamenak jorratuko ditugu.

Ekarpenik egin nahi baduzu edo ezagutzen duzuna konpartitzeko prest bazaude, bidali mezua eta lagundu tailerrak antolatzen.

2012/12/05

Asanblada Popularra, martxan gaude

"Baso guztiak zuhaitz batekin hasten dira"

Kaixo lagunok:

Jakingo duzuenez, gaur Asanblada Popularra izan dugu. Bertan elkartu garen lagunok, Ortuellan dauden egoera eta kontu askorekin ados egon ez, eta alternatibak garatu behar direla azpimarratu dugu. Herriari buelta emateko proposamen ezberdinak jaso izan dira. Batzuk, oso zehatzak; besteak, oraindik ez horrenbeste: auzolana, kooperazioa, kudeaketa demokratikoa, langabezia, baratze ekologikoak...

Normala denez, zalantza batzuk ere agertu dira; funtzionamendua, denbora, lehentasunak, hizkuntza... Baina orohar denok ados paratu gara; herritarron arteko espazio horizontalak sortu behar ditugu. Horretarako, funtsezkoa dugu herriko elkarte eta norbanakoak batzeko guneak aktibatu eta dinamika iraunkorrak finkatzea.

LAU KATUren aldetik antzeko filosofia dituztenekin harremanetan jartzeko konpromisoa hartu dugu, eta haiekin, eta nahi duen beste edozeinekin batera, laster barru beste batzar bat konbokatuko dugu herrian garatzen diren eta egin daitezkeen proiektuak ezagutu eta konpartitzeko.

Horrelako dinamika baten parte hartzeko, edo zure egitasmoa aurkezteko interesatuta bazaude, bidali mezu bat, jarri zure izena eta kontaktatzeko modua  eta erantzungo dizugu.

Denon artean ahal dugu :)

PD: Euskaraz ozta-ozta ulertzen duzuen batzuon esfortzua, eta hitz egiteko beste batzuen ahalegina azpimarratu nahiko genuke. Eskerrik asko, gaur euskaraz bizitzen lagundu gaituzuelako.

2012/12/03

Zer ikusi? SIMIOKRAZIA



Aleix Saló marrazkilari katalanak egindako bideo ezagun honek Espainiako estatua pairatzen ari den krisi ekonomikoaren nondik norakoak azaltzen dizkigu.


2012/11/28

euskaraz bizi nahi dugu



Larunbatean Donostiara joateko asmoa baduzu bidali mezua gure posta helbidera. Lehenik garraio publikoa,  bestela autoa konpartitu eta euskaraz bizi. Bideoa ikusteko sakatu hemen.

2012/11/25

Garelako naiz. Sentitu > Pentsatu > Ekin

"Garelako naiz" UBUNTU filosofia, Ortuellarako zinez interesgarria
Etxegabetzeak, EREak, murrizketak, eskubideen urraketak, nekea, nekea, nekea... Halaxe da egungo panorama, eta halakoa zen duela hilabete batzuk LAUKATU elkartzen hasi ginenean. Eta denbora honetan gizarteak hauxe ikasi eta irakatsi digu; ilusioa, alternatibak eta aldatzeko gogoa direla egoera latz eta gogorretatik irteteko modu bakarra.

Ilusioa. Ez ilusoak garelako, saldu nahi diguten errealitate tristetik alde egin nahi dugu, beste barik.

Alternatibak. Sistema crack egiten ari da, eta orain arte balio zuena beste era batez antolatu behar da; herrirako eta herriak sortua, elkartasunean eta autogestioan oinarrituta.

Aldaketzeko gogoa, tinko baina negarrik gabe, alaitasunez, gogotsu, auzolanean.

LAUKATUtik, aurrekoetan bezala, gure ekarpen txikia egin nahiko genuke eta horretarako Ortuellako elkarte eta lagun guztioi gonbidapen hau luzatu nahi dizuegu. Datorren abenduaren 4an, ASANBLADA POPULARRA antolatzeko asmoa daukagu.

Bertan, herrian burutu ahal diren ekimenak entzun eta konpartitzeko moduak aztertuko ditugu; baratze ekologikoa, tailerrak, elkartasun ekimenak, lanaren ingurukoak... eta zuri bururatu ahal zaizkizunak eta elkarrekin egin ditzakegunak abian jarriko ditugu.

Zure familia eta lagunekin komentatu, elkarte edo taldean zabaldu eta denon artean saia gaitezen dinamika horiek abian jartzen.

Abenduaren 4an egongo gara.
Segi bizkor eta ALAITU EZAZU AURPEGI HORI!
 

2012/11/22

Asanblada Popularra


Ortuellan ekimen interesgarriak antolatzen dituzten elkarte eta lagun asko  daude. Ziurrenik zeuk ere gure herriko egoera iraultzeko proposamen potenteak izango dituzu. Ez al da momentua Ortuellako egoera tristeari alternatibak proposatzeko? 
Horrela pentsatzen baduzu, hitzordua duzu zure herriko jendearekin:
 
Eguna: Abenduaren 4a, asteartea 
Tokia: OKEn
Ordua: 19:00etan


ZABALDU ZURE LAGUNEN ARTEAN!


2012/11/19

Bizitza irakasten dugu, jauna

Rafeef Ziadah-k, palestinar jatorriko kanadiar inprobisatzaile eta aktibistak, Gazako gazteriari eskainitako olerki hunkigarria.

 

2012/11/18

Umeak

Mundu alde honetako jende gehienari bezala, bihotza erdibitu egiten zait sufritzen ari diren umeen irudiekin. Gehiago oraindik: mundu alde honetako jende gehienari gertatzen zaion bezala, badut joera oinazeetan dauden haurren irudietan nigandik hurbileko umeak ispilatuta ikusteko. Alegia, Israel laineztuak Gazan hildako Hanen Tafish, Walid Abdalah eta Omar Ahmed Masharawi txikien aurpegietan —11 hilabete eta 2 urte artean zituzten— alabaren aztarrenak azaltzen zaizkit, eta ilobenak, eta haien lagunenak... Eta baita Afrika arpilatuan hezur eta azal, hil-hurren, erretratatzen ditugun umetxoen bisaietan ere. Malkoak etortzen zaizkit eztarrian gora.

Baina mundu alde honetako jende gehienak bezala, badut joera minean bizi diren haur horiek guztiak urrutiko lurraldeetako irudietara erbesteratzeko. Aldiz, kostatu egiten zait ikustea alaba eta ilobengandik hurbil, oso hurbil, badirela sufrimenak inarrositako umeak: adibidez, bisita ordua amaitzean ama espetxe barruan geratzen delako, edo noizbait aita hil zietelako, edo ama etorkina atxilotzeko zentroan sartu dutelako, edo etxerik gabe gera daitezkeelako... Ziur aski, izua eta itomena delako eztarrian gora datorkidana.

Gainerakoan, hain bizi gara mundu alde atseginean.


Idurre Eskisabel -BERRIAn

Zer ikusi?: TO SHOOT AN ELEPHANT


TO SHOOT AN ELEPHANT Alberto Arcek eta Mohammad Rujailahk eginiko film dokumentala da. Gaia: Palestinan 2008ko abenduaren 27tik 2009ko urtarrilaren 18ra eginiko bonbardaketak.  Nazioarteko kazetari gehienek alde egin zuten, baina Alberto Arce han geratu zen, eta zuzeneko irudiak jaso zituen. Horrekin dokumentala egin zuen, eta Creative Commons lizentziari esker hedapen handia lortu du.

Bideoa ikusi

2012/11/16

Zer ikusi?: ZIZTADAK

Azkeneko urteetan indarkeriak eta politikak sortu duten zaratak estali egin du Euskal Herriko indarkeria ezaren inguruko aktibismoa. Nazioarte mailan oihartzun handia izandako jarduera eta ekintza anitz isilduta, ahaztuta edo alde batera utziak izan dira. Horien gainean berriz jarduteak edo haiengana lehen aldiz gerturatzeak burutazio eta emozio ezberdinak sortzen ditu, kontzientzia eta jarrerak mugiaraztea lortuz. Kukutza, Lemoiz, Itoitz... Borroka guzti hauen protagonistek haien eskaeren nondik norakoaz aritzen zaizkigu indarkeri ezaren balio eta indarra balioesten duten bitartean. Indarkeri eza etorkizunari aurre egiten dio bizia, bakea, justizia soziala eta giza eskubideak defendatuz eta eraldaketarako bidea prozesu parte hartzaile eta horizontalen defentsan pentsatzen. Helburuak lortzeko bide duinak erabili behar direla defendatzen. 

Bideoa ikusi

2012/11/15

Etxebizitza eskubidea delako

Botere publikoek mesede egin diete etxebizitzarekin negozioa egin dutenei. Eraikuntza-enpresen eta bankuen interesen alde jokatu dute. Horrela, bizileku bat izateko eskubidea espekulaziorako ondasun bihurtu da, eta herritar gehienentzako luxua. Arrazoia, bankuak eta aurrezki-kutxak eragile nagusi bihurtu izana, arlo publikoak bermatu beharreko eskubide izan beharko lukeen kasu batean.
Egoera honetan, etxe-huste guztiak behin betiko geldiaraztea, eskatzen dute. Ezin da saihestu herri- eta finantza-erakundeek ere erantzukizuna dutela hipoteken ordaina betetzen ez den kasuetan. Botere publikoak bankuen esanetara daude. NAZKA EMATEN DUZUE!

Txirbilenea, ametsak egi bihurtzen


Txirbilenea Sestaoko adin, ideia, bizipen eta heziketa ezberdineko lagun talde baten eskutik bultzaturiko ekimena da. Helburu eta ilusio berdin batek batu gaitu: gune okupatu/aske bat kudeatzea gure Sestao herriaren onuraren alde.

Orain dela bi aste, aintzinako Bizkaiko Labe Garaietako bulegoetako bi solairu okupatu ditugu eta lekua egokitzeko ta bertan bizitza berpizteko lan egiten gaude.

2012/11/07

Azaroaren 14ko greba dela eta

Azaroaren 14an Europako hainbat herrialdetan Greba Orokorra egiteko deialdia egin da. Duela hilabete bat eta erdi beste greba bat izan genuen Euskal Herrian. Oraingoak ez du bertoko gehiengo sindikalaren babesik lortu eta hori dela eta, azken egunotan iritzi kontrajarriak entzuten hasi dira.

Irailean Ortuellako greba batzordeak antolatuta ia herri osoa gelditu zen. Datorren astekoak ordea, ez du ematen arrakasta handirik izango duenik. Zein da zure iritzia honi buruz? Zer egin beharko genuke?

http://azaroak14greba.wordpress.com/

2012/09/19

irailak 26, GREBA OROKORRA

Berriz ere kalera ateratzeko beharra daukagu. Atzo, gure herriko hainbat lagun eta kolektibo elkartu ziren Ortuellako Greba Batzordea osatzeko. Hau da momentuz adostu den egutegia.

Irailak 19, asteazkena
19:00etan kartelak inkatzeko OKEn geratu.

Irailak 20, 21
Dendaz denda informazio orriak banatu.

Irailak 21, larunbata
17:30etan Manifestazioa Bihotz Sakratuaren plazatik hasita

Irailak 24, astelehena
18:00etan Udaletxean Kotxe karabana (ahal baduzu ekarri zure kotxea)

Irailak 25, asteartea
Kartelak eta esku-orriak banatzen jarraitu.

Irailak 26, asteazkena
GREBA EGUNA!!
Oraindik orain ez dago dena zehaztuta, goizean ibilaldia gure herritik, ondoren manifetarako deialdiak...
07:00 Informazio piketeak zaratatsuak Udaletxetik
12:00 Bilboko manifestaziorako deialdia
19:00 Manifestazioa Ortuellako kaleetan.

EZ GELDITU ETXEAN ETA PARTE HARTU MOBILIZAZIOETAN.

ZABALDU!

2012/05/10

Mila esker Su Ta Gar!


Aitor Gorosabalek 2008ko Ortuellako jaietan emandako azalpen borobilak. Zeuk zer uste duzu?

"Nik uste dut hemen abizen erdaldun badituzten jende asko eta asko daudela, eta beraien gurasoak eta... baita Espainian bizi den jende asko ere errespetoa merezi dutela, baldin eta gu errespetatzea nahi baldin badugu.... Eta badaude burugogor batzuk txistu egingo dutenak, baina ulertu behar duenak ulertu du eta ikusi nahi duenak ikusiko du. Eta besteek beren bidea jarraituko dute, beti hormaren kontra buruarekin jotzen... Egin nahi duzuena baina ez nuke nahi ez "españoles hijos de puta", ez "español el que no vote" ze jende asko ezagutzen dut nik Espainian eta Euskal Herrian ezagutzen doten asko baino askoz jatorragoak dira eta gure aldeko asko baino jatorragoak"

Zorionez Ortuellan bizi garen gehienok ez gara bideoan aipatzen dituen horien modukoak.

M15, urte bat pasa da

Duela urte bat mugitzen ez zen jende asko hasi zen kalera ateratzen. Hilabete hauetan batzuk galdu dira, beste batzuk noraezean dabiltza oraindik, baina badaude hasieratik gauzak oso argi dituzten lagunak. Askok SOLi begiratu barik gure plazan gauero eguzki betea nahi dugula ozenki esaten dugu.

Horretan ere, Euskal Herria ezberdina dela ikusi zen. Atzo bertan, berriz ere, bateragune auziak erakutsi duen moduan. Baina gure egoeratik abiatuta duela urte bat aldarrikatzen zen hura, egun ere eskatzea erabat logikoa da: DEMOKRAZIA ETA ESKU HARTZE ZUZENA ORAIN!

2012/05/09

jaietan ere, denon eskubideak defendatu!


Barikuan Ortuellako jaiak hasiko dira eta lagunen artean ondo pasatzeko aukera izateaz gain, nahi dugun herria aldarrikatzeko ere une aproposa dela uste dugu; herri bizia, solidarioa, egunero berrasmatuko dena/duguna, guztiona eta guztiontzat.

Hori dela eta, jaietan ere eskubideak izaten jarraitzen dugula gogoratu behar da, norbanakoak zein kolektiboak, eta eskubide horien defentsan denon inplikazioa ezinbestekoa dugu. Horregatik, jaietatik erasoak eta irainak baztertu behar dira, batez ere eraso sexistak. Gogoan izan pertsonen arteko elkarbizitza zaintzea denon ardura dela, ortuellarrona zein kanpotik datozen lagunena. Bestetik, Ortuella ez da munduko herririk politena izango, baina geure herria da eta beraz; denon ondasunak zaintzen saiatu beharko genuke; parkeak, kaleak....

Jarraitzeko, jaietan desinhibitzeko drogak hartzen baditugu modu osasuntsuago batean erabiltzen saiatuko gara, hau da, ahalik eta hobekien pasatu zeure burua eta ingurukoak kaltetu barik. Amaitzen joateko, Ortuellan ere bakea eta askatasuna nahi dugula gogorarazi nahi dugu eta puntu honetan Patxiren egoera gogora ekarri nahiko genuke; ahalik lasterren herrian ikusi nahi dugu, bai bera, baita beste guztiak ere.

Azkenik, MURRIZKETAK, GEZURRAK eta LEGEAK inposatu nahi dizkiguten bitartean, LAU KATUtik jaietan ere ESKUBIDEAK, EGIA eta JUSTIZIA aldarrikatzeko animatzen zaituztegu. Beraz, primeran pasa eta denon artean herria egiten jarrai dezagun!

2012/05/06

bertso bazkaria, primerakoa!

Zelako Gazte Eguna izan dugun! Gazte Asanbladako lagunek lan handia egin dute eta emaitza bikaina izan da. Bertso bazkaria ere primeran atera da 93 lagun batu gara, eskerrak paellera handia topatu dugun! :) Antolakuntzan ibili zareten guztioi, ZORIONAK!
Ikusi argazkiak eta bideoa.

LAU KATUtik bi kontu soilik:
Alde batetik, eskerrak eman nahi dizkiegu Onintzari, Frediri eta Beñati bertso bazkarira etortzeagatik, musutruk gainera! Biba zuek!

Bestetik, dakizuenez LAU KATUren helburuen artean Ortuellan euskara bultzatzea dago. Beraz, gu ez gara eroriko batzuek sortu nahi dituzten polemika antzuetan eta argi utzi nahi dugu ez dugula inolako boikot kanpainarik egingo Udalak datorren astean antolatuko duen beste bertso bazkariaren kontra. Eta aprobetxatu nahi dugu hau esateko: Ortuellan euskararen alde lan egingo bada, herritik antolatzen diren ekimenak babestu eta sustatu behar dira; elkarlana bultzatuz, inposaketarik gabe, inolako protagonismorik bilatu barik... LAU KATUn horretan gabiltza eta ibiliko gara.

Bukatzeko gogoratu; HERRI BAT, GAZTETXE BAT! Ondo bizi lagunok eta hurrengo Gazte Egunera arte!

2012/05/03

seguruak dira zentral nuklearrak?


Bai zera! Atzo bertan Lyongo zentral nuklear baten seguritatea erraz gainditu zuen Greenpeaceko aktibista batek, eta inolako arazo barik "bonba" bat jaurti zuen erreaktore baten gainean. Non dago saldu diguten seguritatea? Garoña hortxe izanda ez zaude urduri?
Nuklearrik ez hemen, ez inon!

gazte eguna 2012



Gaztea izatea ez da sekulan erraza izan, baina ematen du gero eta zailago bihurtzen ari dela nork bere bizitza proiektua aurrera ateratzea: lan baldintzak, etxebizitza, aisialdi programatua, zapalkuntza ezberdinak... Agian horregatik gazte asko ilusioak albo batera utzita sistemaren mekanismoa barruan erortzen dira; kontsumismoan, berekoikerian eta aspertze etengabean. Hori dela eta, gazte talde bat ekintzetara pasatzen denean denok poztu beharko ginateke.

Larunbat honetan Ortuellako Gazte Asanbladak antolatuta Gazte Eguna egingo da. Guk, nola ez! parte hartuko dugu, gutako batzuk adinez apur bat nagusi izan arren, bihotz gazte eta errebelde dugu oraindino :) Eta zeu, etorriko zara? Animatu eta parte hartu!


Egitaraua:
11:30ean Kalejira
12:00etan Umeentzako jolasak
13:00ean Bertso poteoa
14:00etan Bertso bazkaria: Fredi Paia, Onintza Enbeita eta Beñat Vidal
Bazkaldu ostean: Herri Olinpiadak, bingoa
19:30ean Eskalating kutxak eta gero Yo-Yo emanaldia
21:30ean Kontzertuak.
Kriminal Forceps
Calcetines y Cachetes
Ustelak Ustel
Luz de Putas

2012/05/02

martxa nahi dugu


(Igorrek bidalita)

Kaixo lagunok
Ezkerraldeko eragileak ekainerako martxa potente bat antolatzen hasiak gabiltza. Honetarako Meatzaldeko eragileak ere batzea nahiko genuke.

Hurrengo maiatzaren 7an, arratsaldeko 18:30tan, ekimena antolatu eta eragileen artean zabaltzeko bilera planteatu dugu Sestaon (Langabetuen Asanbladako lokalean, Txabarri 99-101). Berton ikusiko garelakoan
Ondo izan


Gutako batzuk hurbilduko dira, zeu animatuz gero etorri gurekin, izan ere; LAU KATUn martxa nahi dugu eta.


zaindu Meatzaldea, edalontziak berrerabili!

Badatoz jaiak Meatzaldera, eta horrekin batera plastikozko milaka eta milaka edalontzi erabili eta botako dira egunero eta gauero gure kaleetan. Plastikozko milaka edalontzi hauek egin eta garraiatzeko hainbeste energia eta lehengai xahutu ondoren, guztiak erraustegian amaituko dira.

Gure esku dago hau etetea. Zure esku dago milaka edalontzi hauen kopurua pixka bat gutxitzea. Atera ezazu etxetik edalontzi berrerabilgarri bat eta erabili ezazu tabernetan, txosnetan, edonon.

2012/04/29

maiatza globala izango da!

Mobilizazio globalerako deialdia gauzatzen ari da maiatzerako. Aukera ona da kolektibo eta herritar guztiok indarrak batu eta, maila guztietan, salaketa eta aldarrikapen jendetsua, anitza, parte-hartzailea, baketsua eta sortzailea egiteko, gizartean eta sisteman aldaketa sakona eragingo duena, tokiko ekintza guztiak koordinatu eta batu ditzakeena, egoerak eskatzen duen ikuspegi globalarekin konbinatuz. Aukera paregabea da.

Ekitaldi horietako egunik garrantzitsuena maiatzaren 12a izango da: hainbat kolektibok eta herritarrek Arriaga Plazan garatu nahi izango dituzten jarduerez aparte, manifestaldi bat egingo dugu, pertsona guztiena izango den manifestaldia, gizarte-mugimendu guzti-guztiek euren burua islatuta ikusiko dutena.

Edozein kasutan ere, mobilizazioa ez da Bilbora mugatuko, Bizkai osora ere zabalduko da, mundu osotik zabaldu nahi den bezalaxe.

2012/04/18

eta tira eta tunba

Tiroak eta tiroak. Elefanteak hiltzen dituzten moduan orain geu ere akabatu nahi gaituzte.  Murrizketak, murrizketak, murrizketak... bata bestearen atzetik datozkigu; lan munduan, osasunean, hezkuntzan... eta orain, kexatzea ere debekatu nahi dute, protestatzea delitu bihurtuta Gandhi ere terrorista da! Horregatik diogu; protesta zibila kriminalizatzea Giza Eskubideak erasotzea da! Jipoitzea da beraz errezeta bakarra; plazetan biltzen diren ikasleen kontra, kalera irteten diren langileen kontra, edo futbolaz gozatu nahi duten zaleen kontra. Iñigo Cabacas hil dutenak lasai ibiliko euren bulegoetan kobertura politiko-mediatikoak ondo babestuta!

Ortuellan ere, lanean lagun asko dabiltza erasoaldiari aurre egiten. Beste batzuk ordea, no saben por dónde van los tiros. Halaxe gertatzen omen zaie gobernatu nahi gaituzteen batzuei, ez dira enteratzen, edo okerrago ez dute enteratu nahi. Ekarpenak ez dituzten aintzat hartzen eta autokritika falta handia bada, askozaz handiago duten jarrera prepotentea. Baina, LAU KATUn geurera, lanera gogotik, poliki baina gelditu barik:

GAZTE EGUNA
Ortuellako Gazte Asanbladarekin elkarlanean antolatu dugun BERTSO BAZKARI GAZTEA aurrera doa. Hemen duzue informazio guztia. Txartelak salgai daude Iredon, Txoko Atxitun eta Gazte Lokalean. Ez itxaron azken unera arte!

DEBALDE
"Nire poesia oso merkea da herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari" Gabriel Aresti

1.- Bilboko alde zaharra hobeto ezagutzeko txangoaren kronika txikia.

2.- Zure bloga hobetu nahi duzu? Sare sozialak kudeatzen ikasi nahi duzu? Ikastaro praktikoa antolatzen ari gara. Interesatuta bazaude bidali mezua.

LAU KATUn ezagutza DEBALDE konpartitu nahi dugu. Zer eman nahi duzu? Zer jaso nahiko zenuke? Egin zure proposamenak!

MEATZALDEA BIZI-BIZIRIK!
Apirilak 20, ostirala
Enkarterriko Bertsolari Txapelketaren lehenengo kanporaketa Trapagarango Gaztetxean

Apirilak 21, larunbata

Plural/Anitzak elkarteak Montañora irteera interesgarria antolatu du.

2012/04/16

bertso bazkaria gazte egunean

GAZTE EGUNAren barruan LAU KATUk eta Ortuellako Gazte Asanbladak elkarlanean bertso bazkaria antolatu dugu. Txartelak 10 euro balio du eta Iredon, Txoko Atxitun edo Gazte Lokalean eros dezakezu.

LAU KATUtik elkarlana funtsezkotzat jotzen dugu herrian proiektuak aurrera atera ahal izateko,guk bide horretatik aurrera egingo dugu prest dauden elkarte eta norbanakoekin. Momentuz emandako pausoekin pozik gaude eta oraindik bide hori ulertzen ez dutenak nahi ditugu gurekin batera lan egiteko.

2012/04/12

Bilboko alde zaharretik... DEBALDE

Martxoaren 31n txango bat antolatu genuen Bilboko alde zaharraren historia hobeto ezagutzeko. Aitor Fernandez de Martikorena izan genuen gidari eta hamaika kontu bitxi entzun genituen ia hiru orduko ibilbide atseginean. Zazpi kaleetako elizak, jauregiak eta harresiak ikusi eta hiriaren historiatik bidaia egin genuen.

Beste auzotar batzuen konplizitatea ere topatu genuen. Errondabiden lagun batek gu ikusi eta harresian bertan zeukan denda erakutsi zigun, harresia barrutik nolakoa zen ulertzeko aukera ezin hobea. Belostikalen, Arana jauregian txirrina jo eta atea zabaldu zigun bertako bizilagun batek. Geroxeago, For arropa-dendan  barruko patioa zabaldu zigun dendari atseginak. Hirurak euskaldunak ziren; nork dio Bilbon ez dela euskaraz egiten?

Bukatzeko, pote bat Plaza Barrian eta elkarrekin bazkaltzera joan ginen. Horrelakoak gure historia ezagutzeko aukera ederra ematen digutenez, gehiagotan antolatzeko geratu gara. DEBALDE jakina!

OHARRA: Aitorrek alde zaharrari buruzko lotura hau bidali zigun Bilboko hiri historikoa. Mikelek ere informazio gehiago pasatu digu.

2012/04/08

Ortuellako "euskara" zinegotzia?

Kaixo lagunok:
Gaur ez gaude umore onez, gaur suminduta gaude. Harrituta utzi gaitu Ortuellako euskara zinegotziak, Borja Kristobal-ek hartu duen erabakia.

Bazekien, geuk esanda, maiatzaren 5ean Gazte egunaren harira bertso bazkaria antolatuko genuela; Onintza Enbeita, Fredi Paia eta Beñat Vidal bertsolariekin. Horren guztiaren antolakuntza gure esku geratzen zen, Udalari ez genion euro bakar bat ere eskatu hori bideratzeko, geuk autofinantzeko asmoa daukagu. Horixe bera gure blogean publikatu genuen, zeuei postaz zabaldu eta teknikariari jakinarazi genion.

Hara non, jaso berri dugu mezu bat euskara zerbitzutik esanez Udalak aste bat beranduago, maiatzaren 12an, beste bertso bazkari bat antolatuko duela. Ortuellako jaietan bertan. Geuk hori jakin bezain laster euskara teknikariari komentatu genion herriko jaietan normalean zaila izaten dela jendea batzea; bestelako bazkariak, afariak eta abar daudelako, eta gainera zazpi egun lehenago bestea antolatuta zegoela! Baina ez digute kasurik egin eta antza zinegotziaren erabakia izan da.

Zer demontre gertatu da hemen? Hori al da euskararen alde indarrak batzeko zuen modua? Hori da euskara sustatzea? Euskararen alde lan egiten dutenei oztopoak jartzea izango da euskara zinegotziaren jarrera? Haserre gaude Borja, oso haserre!

euskaraz bizi nahi dut

2012/03/29

gaurko grebaren balorazioa, GORA ORTUELLA!


Gaurko eguna denbora luzez geratuko da gutako askoren oroitzapenetan. Gaur beste herri askotan bezala, ortuellarrok ere herri bizia garela erakutsi dugu, ez gaudela lotan eta datozkigun inposaketen aurrean erantzuten badakigula. Eta gaurko erantzuna zoriontzeko moduko dela iruditzen zaigu.

Egia da gutako batzuk lanean ibili garela, mobilizazioetan, kartelak inkatzen edo piketeetan. Baina arrakasta, benetako arrakasta Ortuellako herritar guztiona izan da. Kalera atera garen guztiona.

Gaur lehen pausua eman da eta arratsaldeko manifa handian esan den moduan "la unidad de todos nosotros es lo que nos sacara adelante" Horixe baietz! Eta hurrengo pausuetan gaur erakutsi dugun batasuna eta elkarlana erakusten jarraitu beharko dugu, bakoitzak bere ekarpen txikia eginez, baina denok batera.

Bide horretan, ekarpen gehiago egin nahi izanez gero Ortuellako Greba Batzordeak egin duen deialdia luzatzen dizuegu:

Eguna: Asteartean, apirilak 3
Ordua: 18:00etan
Lekua: OKEn

Gu bertan izango gara eta zeu?

2012/03/26

Bilboko Alde Zaharra hobeto ezagutu nahi?

Gutako batzuk egunero ibiltzen gara Bilbon, eta ezagutu uste ditugu bertako kale eta bazterrak.

Oraingoan, berriz,  turismoa egingo dugu Bizkaiko hiriburuan, bai eta apur bat sakondu ere haren historian, izenetan eta ondarean. Bilboko alde zaharrari buruz zerbait gehiago jakin nahi baduzu; japoniar bisitaria sentitu nahi baduzu zeure burua, hauxe da zure aukera: hartu kamara eta etorri gurekin.

Gidaria: Aitor F. Martikorena, historian lizentziatua eta euskara irakaslea

Noiz? Larunbatean, martxoak 31n
Nola joan? 10:25ean trena hartuko dugu Ortuellako geltokian
Bilbon bazkaltzeko aukera egongo da, animatu!

2012/03/21

greba egiteko beste era batzuk

29ko greba, ez da ohiko greba izango. Arrazoi asko daude kalera irteteko, baita greba egiteko modu desberdinak ere. Zein da zure aukera?

2012/03/20

Ortuellako greba batzordea osatu da!

Kaixo lagunok:

Aurreko batean grebaren inguruan zerbait egin beharko zela komentatu genuen, beno, kontua da Ortuellako langabetu batzarrak gaur bertan deituta zuela bilera bat gaia tratatzeko. Gutako batzuk bertan izan gara, hauxe da bertan adostu dena:

negua joan da eta udalberria nahi dugu

Negua joan da eta Ortuellan "udalberria" nahi dugu, behar dugu!

UDALBERRIA; gardena, demokratikoa, irekia, euskalduna, dinamikoa, feminista, gertukoa, ezpartidista, ekologista...GUZTIONA eta GUZTIONTZAT!

2012/03/14

Wifi konexioak merkeago, aurkezpena.

Kaixo lagunok:
Gaur Debaldeko lehen tailerra izan dugu: nola aurreztu dirua wifi konexioan + Androiden aukera batzuk. Ideia interesgarriak entzun eta konpartitu dira: wifi sareen inguruko zalantzak, zelako aukerak dauden, herri mailako sareatze libreak...  Orain interesa duten lagunekin praktikara eramateko dauden posibilitateak aztertu, eta agian erabiltzaileen taldea antolatzen hasiko gara . Baina bitartean zuen interesa pizteko hemen duzue powerpointeko aurkezpena. Eskerrik asko Jabi!

2012/03/10

greba orokorrra

UGT eta CCOO ere izango dira martxoaren 29ko greban. 1999ko maiatzaren 21ean batu ziren azkenekoz halako ekitaldi batean lau probintzietako sindikatu nagusiak. Geroztik, estrategia ezberdinek eta sindikalismoa ulertzeko modu bateraezinek nor bere bidetik eraman dituzte. Ez dira elkarri errua leporatzeko garaiak. Hamahiru urtean lehen aldiz, Hego Euskal Herriko herritarrek aukera izango dute erantzun bateratua emateko langileen, langabeen eta klase apalen aurka PPren gobernua hartzen ari den neurriei. Uneak batasuna eskatzen du, eta sindikatuek neurriko erantzuna eman dute.

Asko dago jokoan. Azken urteotako gertaeren norabideari erreparatuta, erraz ikusten da zein den agintari politiko eta ekonomikoen helmuga: langileek eta klase sozial xumeek hamarkadetan lortutako eskubideak eta ongizatearen estatu soziala birrintzea. Galtzen den eskubide bakoitza agian berreskuratuko ez den eskubidea da. Horregatik bakarrik, merezi du hesi bat eraikitzea, argi adierazteko nondik ezin daitekeen atzera egin.
Iñaki Petxarroman Berrian

2012/03/08

DEBALDE, ezagutza konpartitzeko aukera


DEBALDE musutruk da! diruaren eskemetatik kanpo.
DEBALDE gure interes komunak dituen jendea ezagutu.
DEBALDE ideiak, asmoak, formazioa, ezagutzak konpartitu. Norberak ikasteko eta irakasteko aukera emanez.
DEBALDE partehartzea sustatu, ez dugu ikuslerik nahi, guk dinamika nahi eta behar dugu.

Datozen ekintzak:

TAILERRA: DIRUA AURREZTU INTERNETEKO KONEXIOAN + ANDROID-EN AUKERAK

Martxoaren 14an, asteazkena
19:00etan OKEn

Hilero heltzen zaigu etxera Internet konektatzeko faktura. Hasierako promozia amaituta, potolo bihurtzen da euro kopurua. Gastu hori murriztu nahi? Adostu bistako distantzian etxea duen zure lagunarekin wifi bidez konpartitzea Interneta. Faktura bion artean ordainduta, aldea badago. Nola egin daiteke azalduko digu Ortuellako lagun batek.

Etxeko ordenagailuan Internet begiratzen duzuna gutxi da? Bada erabili zure telefonoa oso modu errazean seinalea emateko zure ordenagailuari.eta etxeko faktura kenduko duzu.

AUTODEFENTSA IKASTAROA
Martxoaren 23an eta 30ean, ostiralak
19:00etan OKEn
Defentsarik hoberena arazoak ekiditea da, duda barik! Baina inoiz tokatu ahal zaigu geure burua defendatu behar izatea, horretarako proposatu dugu ikastaro hau. 

Autodefentsa tailerrean alde fisikoari erreparatuko diogu, defendatzeko metodo ezberdinak aztertuz, baina hori baino garrantzitsuagoak diren konfiantza eta autoestimua lantzen ere ikasiko dugu.
Ikastaroa DOHAINIK da!
Izena emateko: info.laukatu@gmail.com edo 615 799 914 (Xabi)

Zerbait proposatu nahi duzu? Ekarri zure ideiak eta elkarrekin DEBALDE garatuko ditugu.

badakigu... baina gutxitan egiten dugu


Kaixo lagunok:

Aurreko batean, Onintza Enbeitak Ortuellako euskaldunok dugun "merituari"  buruz idatzitakoa ekarri genuen blog honetara. Gaur, Berbaizu elkarteak antolatu duen hitzaldi baten jasotakoa konpartitu nahi duzu zuokin. Ziurrenik, Fredi Paiak kontatzen dituenak entzun ostean gutako asko identifikatuta sentitu dira. Zeu ere horietakoa zara?

Notizia pozgarria
:
OGAk antolatzen duen Gazte Eguna maiatzaren 5ean izango da. Hori dela eta, LAU KATUtik geure ekarpen txikia egin nahi izan dugu eta egun horretan bertso bazkaria antolatuko dugu. Bertso saioa berezia izatea espero dugu, honezkero bi bertsolari ditugu konfirmatuta, nortzuk eta.... Onintza Enbeita eta Fredi Paia!!
Ondo hasi gara, ezta?

2012/03/04

Ei langile, defendatu zure eskubideak!


Kaixo lagunok:
Zer egin dezaket kaleratu nahi nauten horien aurrean? Nola defendatu nire eskubideak? Eta batez ere, zer EZ dut egin behar? Bideoa ikusi ostean orrialde hau bisitatu ¿Qué hacer en las encerronas de empresa? Bertan pista pilo bat topatuko duzue.

Ez eutsi, zurea defendatu eta emaiezu!

2012/03/03

dorre batzuk erortzea ez legoke txarto


Hik bultza gogor hortikan
eta bultza nik hemendikan
ikusiko dek nola-nola
laster eroriko dan

2012/03/01

egutegian markatu!


Gaurko bileran proposamenak egutegira ekartzen ibili gara eta momentuz hau da atera den zirriborroa. Beste ideia batzuk ere jaso ditugu, horiek ere sartzeko asmoa dago, 1000 skr Saioa eta Auritze :)

MARTXOA (Ezagutza konpartitzeko tailerrak)
Martxoak 14
Wifi seinaleak nola lortu? Android-en aukerak: telefonoa+internet
Martxoak 23 eta 30
Autodefentsa tailerra.
Martxoak 24
Bilbo ezagutu euskaraz. Ibilaldi gidatua Alde Zaharretik.

APIRILA
Apirilak 26
Krisialdi ekologikoa, beste krisia. Hitzaldia+Eztabaida
Apirilak 28
Meatzaldetik ibilaldia eta bazkaria
.

MAIATZA
Maiatzak 5 
Ortuellako Gazte Eguna. Egin diren proposamenak Gazte Asanbladako kideek euren bilerara eramango dituzte.
Maiatzak 11-20
Ortuellako Jaiak. Momentuz ez dugu ezer zehaztu.

Oharra: Martxoaren 29an Greba Orokorra izango denez zerbait egitea proposatu da, zehazten denean horren berri emango dugu.

2012/02/28

atez atekoaren egunerokoa


Denon "telebista ofizialetik" atez atearen inguruan kontrako iritziak baino ez zaizkigu heltzen. Denon eskura dagoen "telebista ez ofizialetik", Youtubetik, beste aurpegiak ikusteko parada daukagu.

Iritzi kritikoaren alde, informazioa bilatu eta zabaldu! :)

2012/02/27

goazen harira!

Kaixo lagunok:
Azken asteotan LAU KATUn proposamen nahikotxo jasotzen ari gara: Zergatik ez duzue hau antolatzen? Niri beste hori gustatzen zait. Nire lagun batek egingo luke... Primeran! LAU KATU ideiak jasotzeko denon gune irekia da-eta, baina orain proposamen guztiak egutegira pasatu behar ditugu eta horretarako zuen parte hartzea behar-beharrezkoa da; noiz egin, nola, norekin...

Horretaz berba egiteko: ostegunean, martxoak 1, 19:00etan OKEn geratuko gara. Etorri eta lagundu denon proposamenak egi bihurtzen :)

2012/02/26

Carrascoliendas Uriosten :)



Ederra, benetan ederra Basetxe gaztetxeko lagunek Uriosteri egin dioten oparia. Horixe da HERRIgintza!

Zorionak parte hartu duzuen guztioi!

2012/02/24

gaurkoa primeran egon da!



Gaurko hitzaldia primeran egon da! Oso kontu interesgarriak entzun eta konpartitu ditugu eta horrek aurrera egiteko kemena ematen digu. Eskerrik asko Amaia eta Igor!

Hurbildu zareten guztioi ere eskerrak luzatu nahi dizkizuegu; bereziki Pedrori eman digun datu-zaparrada horregatik. Etorri ez zareten lagunok hurrengoan ikustea espero dugu.

Ah!, eta larunbatean DENOK BILBORA, hau hasiera baino ez da eta :)

2012/02/21

"Valentziako ilargian" bizi dira


Des d'LAU KATU volem enviar tot el nostre suport als joves Valencians que al voler manifestar-se pacificament han estat durament reprimits per part d'una policia que els tracta com a "Enemics"... :(

Eta eskubideen murrizketen aurrean Ortuellako gazteriari ere berdintsu jokatzera animatu nahi dugu. Gu zuen ondoan ikusiko gaituzue.

2012/02/19

mugitzen asteko doinua


Bai lagunok, datorrena datorrela hemendik gogotsu eutsiko diogu! Otsailaren 25ean Bilbon eta martxoaren 29an Ortuellan eta EH osoan.

Mobilizazioetan laguntzeko prest bazaude bidali mezua eta jarriko gara harremanetan.

2012/02/16

Murrizketak. hitzaldia-eztabaida otsailaren 23an

Murrizketak; guregan izan ahal duten eragina

Datorren ostegunean, otsailak 23, 19:30ean hitzaldia-eztabaida egingo dugu OKEn, Ortuellako Kultur Etxea berrian, gurekin batera 2 lagun egongo dira:
Amaia Elorza, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua
Igor Mera ESK sindikatua

Gure helburua herritarrei informazioa eman eta Ortuella mailan zerbait antolatzen hastea da, beraz, zure lagunartean zabaldu eta gurekin etorri!

OHARRA: Hitzaldia euskaraz izango da, baina galderei egiten diren hizkuntza berean erantzungo zaie. 
La charla será en EUSKERA y se responderá a las preguntas en el idioma en que sean formuladas.

2012/02/11

MURRIZKETARIK EZ! hitzordua Ortuellan


Kaixo lagunok:
Azken urte hauetan kapitalismoaren krisiak jo puntuan jarri du ongizate estatua, horren ondorioz, urte luzeetako borroken bidez lortutako eskubideak etengabe murrizten ari zaizkigu orain.  Munduan zehar mobilizazioak antolatzen ari dira eraso basati horiei erantzuteko, baita Euskal Herrian ere. Horren adibidea; otsailaren 25ean Bilbon egingo den manifestazioa.

LAU KATUtik, horri guztiari buruz berba egin eta ondoren Ortuellan ere antolatzen hasteko hitzordua proposatu nahi dizuegu.

GAIA: Murrizketak: guregan izan ahal duten eragina. Hiru arlotan (lan mundua, gastu sozialak eta gazteria) adituak diren lagunak gonbidatuko ditugu.
EGUNA: Otsailaren 23, osteguna
ORDUA: 19:30ean
NON: Ortuellako OKEn

Interesgarria da ahalik eta jende gehien hurbiltzea, beraz, zure lagunartean zabaltzen lagundu.

Segi bizkor!

2012/02/09

2012/02/05

meritua

Onintza Enbeitak Ortuellako euskaldunoi buruz BERRIAn idatzitakoa gure blogean ere zabaldu nahi izan dugu.


MERITUA
Onintza Enbeita

Ortuellakoak eta euskaldunak? Zuena bai dela meritua. Zergatik harritzen gaitu hainbeste ortuellarrek edo tafallarrek euskaraz jakiteak? Hori baina esperpentikoagoa da herri euskaldunetan bizi diren euskaldun zaharrek gaztelaniazko zenbait egunkari erostea eskela gehiago dituztelako euskarazkoek baino. Ez da Ortuella euskaraz bizitzeko herririk errazena izango, baina muxikarrek, bilbotarrek, tolosarrek, hendaiarrek edo gasteiztarrek ere ahalegina egin behar dugu euskaraz bizitzeko. Nire auzotik atera gabe biziko banintz, ez nuke arazorik izango: goizero jasotzen dut BERRIA etxean, Euskadi Irratia entzuten dut eta auzokideek euskaraz dakite. Baina nire auzoa txikia da, eta Karrantzatik Maulerako bidean, herri eta hiri asko daude, zorionez. Meritua ez da erdalduntzat ditugun herrietako jendeak euskara ikastea; meritua da euskaldun zaharron komentarioak jasatea. Euskara ikasi eta berrogei urtera ere, euskaldun berri deitzen diegu. Ez zaizkigu euren herriak interesatzen: zer dago, bada, Barakaldon guk ikusteko modukorik? Eta pentsatzen dugu haiek gure herrietara etorri eta flipatu egin behar dutela gure kulturarekin, euskararekin, bizimoduarekin… aber, gure alboko herrietan bizi dira, e? Ez dira euskara ikasi duten japoniarrak, euskal herritarrak dira, geure modu-moduan.

Eskerrik asko Onintza!

2012/02/04

Zer ikusi?


Urteak dira ari naizela so egin gabe ikusten,
Urteak dira ona eta txarra badakidala bereizten,
Urteak dira badakidala zer baden eta zer ez den,
Urteak dira ez dudala zuen zaborra irensten.
Zazpi eskale


Hemen zerrendatu ditugu blogean atera diren bideoak; denetarik topatuko duzu, baina normalean telebistan ateratzen ez direnak azalduko dira. Bloga elkarlanean oinarrituta dago, beraz zeuek ere bideoen loturak bidal ditzakezue gainontzekookin partekatzeko.

  • Homenatge a Catalunya II >>
  • Euskal Herria, ezkutuko zorra >>
  • Estres linguistikoa >>
  • Simiokrazia >>
  • To shoot an elephant >>
  • Ziztadak >>
  • Badakigu baina gutxitan egiten dugu >>
  • Atez atekoaren egunerokoa >>

eta noski... LAU KATUren bideoak! >>


2012/01/25

hostoz hosto JANTZI, ideiak loratzen

              
Urtarrilaren 15ean ideak jasotzeko prozesua zabaldu genuen. Gaur OKEn batu garenok jasotako hosto guztiak antolatzen hasi gara. LAU LORE, lau ildo nagusi atera zaizkigu:

1.Sarea astindu
:  Batetik, formazioa eskaini; sare sozialak, internet eta telefonia, software askea,... Bestetik, Ortuella sarean nabarmendu; herri mailako agenda moduko zerbait sortu, bideo testigantzak...

2.Kultura eta aisialdia: Ortuellan antolatzen diren ekintzen berri izan eta interesgarri ikusten diren ekimenetan parte hartu/lagundu. Ekimen berriak antolatu; kontzertuak, bideo forumak, txangoak, kultur jarduerak... Ezagutza konpartitu; herritarrei aukera eman jakintza zabaltzeko; tailerrak  antolatu, autodefentsa, masaiak...

3.Euskara: Elkarlana bultzatu, batez ere gazteekin. Euskal kultura sustatzeko ekitaldiak; bertsolaritza, euskal kantak... Normalizazioaren aldeko kanpainak, inplikazioa eskatu, erakunde publikoena exijitu.

4.Politika eta Herria: Politikaren inguruan jardunaldiak, eztabaidak; abertzaletasuna, anarkismoa, sindikalgintza... Herriko arazoak eta kezkak ezagutu eta ezagutarazi. Ingurumenari buruzkoak; hitzaldiak, txangoak... txikizioen aurka paratu; COKE, AHT...

Hau guztia da momentuz adostu duguna, otsailetik aurrera lanean ikusiko gaituzu.

Gaur eskerrak eman nahi diegu bereziki Ortuellako Gazte Asanbladako lagunei hasieratik izan duten harrera eta inplikazioagatik.

LAU KATU GARA :)

2012/01/18

zeure proposamenak eta ideiak konpartitu gurekin.

Kaixo lagunok:
LAU KATUn zer egin nahiko zenuke? Horixe izan zen igandean hurbildu ziren lagunei egin genien galdera. Hainbat proposamen jaso ditugu, eta oraindik beste batzuk biltzen ari gara. Datorren astean biltzen ditugun ideia guztiak aztertu eta plangintza diseinatuko dugu.
Zeuk ere  prozesu honetan parte hartzeko aukera daukazu, bidali zeure proposamenak e-postaz eta datorren asteko hitzorduan gurekin konpartitu.

Proposamenak biltzeko bilera
  • Eguna: urtarrilaren 25a, asteazkena
  • Hasi: 19:00etan
  • Bukatu: 20:30ean
  • Lekua: Ortuellako OKE (konfirmatzeke)
Lagunei, ingurukoei, familiakoei esan, denok gonbidatuta zaudete. :)

2012/01/15

Gaur lehenengo hostoak jaso ditugu

Gaur brainpoteoinga egin dugu eta lehenengo proposamenak jasota daude. Zeureak ere egin ditzakezu, nahi baduzu bidali zure ideiak mezu baten bidez: info.laukatu@gmail.com

:) LAU KATU izanda ari gara, ari gara...