2013/05/30

lagun bati

Arratsaldeko manifestazioa, Meatzarien etorbidea
Kaixo lagun:
Gaur greba eguna izan da eta Ortuellako langabetuen asanbladak deitu duen manifestazioan holakoak bota dituzu; "lanik ez dutenak mugitzen ez badira, zer egingo dugu guk?" "hemen gazteak falta dira, tabernan bai, baina gero ez!" "Herri honek ez du ezer merezi" Aber, txoratu gara, ala? 

Gaur kalera irten gara sistema hau aldatu nahi dugula ozen esateko, sufritzen dutenei elkartasuna adierazteko, Herria egiteko. Zeinek esan zizun hori erraza izango zela? 

Askotan esan diguzu borroka dela bidea. Bada, holaxe da borroka, bide gogorra eta batzuetan etsigarria. Eta hala ere, gaur beste tanta bat jarri dugu geure elkartasun itsasoan. Gaur beste aurpegi batzuk ikusi izan ditugu, kexaka ibili beharrean protestatzera etorri direnak. Beraz, goiari eutsi eta lotu lanari!. Nor bere lekutik eta geure burua jipoitu gabe. 

Gora Herria!


2013/05/27

m30 Greba Orokorra, zer egingo duzu?

Ostegunean, greba deialdia eginda dago Euskal Herrian, baina berriro ere, batasun sindikalik ez da eman eta gure herrian ez da greba batzorderik antolatu. Gehienok zalantzak baditugu ere, mugitzeko beharra ikusten dugu. Hori dela eta, Ortuellako Langabetu Batzordeak antolatu duen manifestaldian parte hartzera animatzen zaitugu.
 
Manifa: Ostegunean, 19:00etan Ortuellako Udaletxetik irtengo da

Beste ideiarik edo proposamenik jorratu gura baduzu, bidali mezua.

 

2013/05/26

Justizia Soziala, asteartean batzar irekia

Poliki-poliki, baina eten barik, Ortuellako Plataforma Soziala aurrera doa. Hilabete hauetan mobilizazio eta eragite lanak egin izan ditugu gehienbat, asteartean; planteamendu zehatzagoak landuko ditugu. Horretarako, batzarretik sortu ziren lan-taldeek egindakoaren berri emango digute. Komentatuko diren puntuen artean esaterako; langabeziaren inguruan Ortuellako Udalari egingo zaion eskaera aurkeztu eta denon artean adostuko dugu.

BATZAR IREKIA: Maiatzaren 28an, asteartea, 19:00etan OKEn

Oharra: Aztergaien artean, Meatzaldeko hainbat kolektibo sozial antolatzen ari garen elkarlanerako gunearen nondik norakoa azalduko da.


2013/05/17

Interneten segurtasunez jarduteko tailerra

HerriKolorek tailer interesgarria antolatu du datorren astebururako, zuetako inor animatzen bada, jarri gurekin harremanetan eta elkarrekin joango gara.

Preso politikorik ez daukan herria

Rusia, Iran, Kolonbia, Marroko, Israel, Txina... eta atzotik, horrela erabaki baitzuten Eusko Legebiltzarrean, Euskal Herria ere preso politikorik gabeko eremua da. Baina, ez ginateke horrekin harritu beharko, ez baitago mundu osoan preso politiko hitza onartuko duen herrialde "demokratiko"rik. Eta beste kontu askotan bezala, honetan ere, herritar eta gizarte eragileen esku dago egoera honi guztiari buelta ematea, ahalik eta lasterren atxilotu, preso, iheslari eta gainontzeko berba hitsak gure eguneroko hiztegitik desager daitezen. Horren karira, bihar M18 plazara ekimenak deialdia egin du Ortuellan bertan.

2013/05/15

Ortuella mugitzen ari da!

Ortuellako elkarte eta kolektibo sozialen bilguneak darrai. Hilabeko azken astearteetan batzen gara herriko arazoei buruz berba egin eta irtenbide posibleak denon artean adosteko. Une honetan, gehien bat, sentsibilizazio eta eragite lanak egiten ari gara.

Horretarako lan-taldeak sortuko ditugu. Momentuz 3 talde osatu dira:
  • Lehenengo lan-taldea; herriko langabezia eta lan munduaren egoera aztertzen ari da. 
  • Bigarren lan-taldea; gure arteko komunikazioa hobetzeko proposamena garatzen ari da, 
  • Hirugarren lan-taldea; formakuntzaren ingurukoa da, horretarako dokumentalak, zine-forumak eta eztabaidak uztartuko ditu.
Zeuk ere horrelako baten parte hartu ahal duzu, edo beste bat sortzeko proposamena egin. 

Hurrengo batzarra; maiatzaren 28an, martitzena, 19:00etan OKEn. Pasa zaitez eta zure proposamenak ekarri.

2013/05/13

Kasposo, matxista eta homobofoa...


Ez da oso logikoa Ortuellako jai batzordean parte hartu barik, LAU KATUtik asteburu honetako balorazioak egitea, horretarako jai batzordea dago. Ez, ez gara hasiko jaien zentsuaz, herritarren parte-hartzeaz edo festa ereduen inguruan berbetan. Baina gaur, asteburu honetan gure arteko asko asaldatu duen kontu batek nolabaiteko hausnarketa egitera bultzatu gaitu; zapatuko gau-jaia egitera Castellótik (País Valencià) etorri zen Centauro taldearen emanaldiaz ari gara.

Aspaldian ez dugu horrelako talde kasposo eta kutre eskenatoki baten gainean ikusi. Gau osoan zehar mikrotik bota zituzten mezu “sinpatikoei” eta euren pantailetan agertzen ziren irudiei matxismo kiratsa zerien. Taldeen letrak desitxuratu, eta “los gays esa gente tan sinpatica, que tambien respetamos” bezalako mezuetan, homofobiaren alde “jatorra” erakutsi ziguten etengabeko jario nazkagarrian.

Plazan denetariko jendea zegoen eta ziurrenik, batzuek ondo pasatu zuten. Horrela bada, Ortuellan lan handia daukagu aurreko astean komentatu genuen biolentzia kulturala salatzen eta baloreak lantzen.



2013/05/11

Meatzalde mailako koordinazioaz

Trapagarandik mezu hau jaso dugu:


Aupa lagunak!
Maiatzaren 1eko martxaren ondoren planteatzen dugu ia beharrezkoa posible ikusten dugun eskualde mailan, meatzaldeko kolektibo sozialen  koordinazio bat sortzea, kanpaina, ekimen eta proiektuak elkarbanatu eta eskualdeko ikuspegiz ekimenak sortzeko. Zuek nola ikusten duzue gauza?  Bilera ireki bat deitzen dugu horretarako.
Maiatzak 22, asteazkena
19:00etan Trapagarango gaztetxean.


2013/05/09

Ikusten ez diren biolentziak


Johan Galtungen hirukiak ondo islatzen duen moduan 3 biolentzia mota pairatzen ditugu gure bizitzan zehar: lehena, biolentzia ikusgarria da, beste biak; biolentzia ikusezinak (estrukturala eta kulturala) Ikusezinak baino biolentzia “eztutuak” deitu behako genieke.
Biolentzia ikusgarriari, Biolentzia Zuzena deitzen diogu; auzoko bat jotzea, tiroak jotzea, gerrak, autobus bat erretzea, ertzantzaren kargak, bortxakeak...
Biolentzia Estrukturala, erakundeen biolentzia da; ejertzitoa, polizia, gartzela eta zigorrak...  
Biolentzia Kulturalaren barruan, esaterako, patriarkatua litzateke; rolen banaketa, jendarteko ohitura eta tradizioak…
Zer gertatzen da "biolentzia ikustezinak" azalarazten direnean; lagun batek bikotekidea kolpatzen duenean esaterako? Bada, politikari eta komunikabide guztiak agertzen direla salaketa eta adierazpenak egitera, atzo Ortuellan egin zuten bezala. Noiz erantzungo diete bestelako biolentziei?

2013/05/08

Indarkeria gaitzetsi!


Bla, bla, bla... condena, condena, condena...Hori al da adostutakoa? Baina zer da ordezkari politikoek eta euren alderdiek proposatzen dutena? Comision de Seguridad baino Ortuellan Elkarbizitza Batzordea behar dugu. PATETIKOA!

Kantu kalejira larunbatean :)



Azken urteotan gero eta gehiago dira Euskal Herrian sortzen ari diren kantuzale taldeak. Gure ustez, talde hauek dituzten helburuak oso interesgarriak dira: Batetik; kantatzeko ohitura berreskuratzea; herrietako kaleak kantuz dinamizatzea, alaitzea, jai giroa bultzatzea. Bestetik; kantuen bitartez euskal kultura eta euskara bera bultzatzea.

LAU KATUn helburuekin bat egiten dugunez, Ortuellako jaietan Meatzaldeko Berbalagunek eta Trapagaran Kantuz taldeak antolatu duten kantu kalejiran parte hartuko dugu, gure herriko jaietan euskararen erabilera sustatzeko modu alaia eta ederra da eta.

KANTU KALEJIRA Maiatzaren 11, larunbata, 19:30ean AEKko txosnan.

Oharra: Kantak ez badakizkizu, lasai bertan kantutegiak banatuko dira. Smartphone bat badaukazu Kantari aplikazioa deskargatu!


2013/05/06

Ortuella, Tolerancia Cero?


Prentsan berri hau irakurri dugu,  "Tolerancia Cero" con la violencia en las fiestas. Apur bat harritu gara eta galdera batzuk bururatu zaizkigu: Tolerancia Cero? Baten batek al daki zer planteatuko du Ortuellako Udalak? Norekin adostu da? Zeintzuk dira kultur eta gizarte eragile horiek? Zergatik orain, jaiak hasiko direlako ala duela 8 egun beste auzokide bat jipoitu dutelako?

Urtarrilaren 1eko tiroketaren ostean ez-ohiko udalbatzan; Ortuellako Udala osatzen duten alderdiek; PNV, PSE eta Bildu, horrelako istiluen aurrean protokoloa aktibatuko zutela adostu omen zuten; salaketak alegia. Gure ustez, azken urteotan gertatu diren egoera biolento horiek, eta ikusten ez diren bestelako biolentziak, ezin dira salaketetara mugatu. Ortuellan ere sentsibilizazioa eta prebentzio lana behar-beharrezkoa da; eskoletan, kolektiboetan, familietan... Eta politika horiek arrakastatsuak izango badira herritarron adostasuna eta inplikazioa beharko dituzte.

Jaiak hastear daude, eta guk 2012koetan bota genuen mezu bera konpartitu nahiko genuke; Jaietan ere, denon eskubideak defendatu! Zein da zuen iritzia?


2013/05/02

Gazte Eguna 2013, izan pirata!


Lapur profesionalak ezagutzen ditugu; bankuak, inmobiliariak, enpresariak, politikari ustelak... Urteetan geurea lapurtzen ibili ostean, bada garaia geu ere abordajera pasatzeko. Kendutakoa berreskuratu eta behar den banaketa justua ematen hasteko unea hurbiltzen hasi da. Izan gaitezen korsario, bukanero, pirata!
Zapatuan jantzi pirata arropak, hartu bandera beltza eta Ortuellako Gazte Egunara etorri. Gazte Asanbladaren X. urteurrena ospatzeko aukera bikaina da eta.

Egitaraua:
11:30ean Kalejira
13:00ean Poteoa
14:30ean: Herri bazkaria
18:30ean Gynkana
20:00etan Eskalada Master
21:30ean Polunpak
Ostean... Kontzertuak.
Kolt 45
Endika Kos-k
Ebony Rose
Ustelak Ustel


Gure ametsak, euren lokamutsak. Izan pirata eta parte hartu!


2013/05/01

Herria gara, batu gaitezen!

Batasun sindikalik ez dagoen Euskal Herri honetan, gaur, Maiatzaren Lehenean, Langile Klasearen batasuna posiblea dela erakutsi dugu Meatzaldeko eta Ezkerraldeko martxetan elkartu garen guztiok; gazte asanbladak, feministak, langabetu elkarteak, langileak, kolektibo sozialak...  Gaur, pertsonen arteko batasuna gailendu da izenak, siglak eta protagonismoen gainetik. Ideologia ezberdineko kolektibo eta pertsonen arteko lankidetzaren emaitza izan da, beraz; zorionak guztioi!

Ortuellako plazatik hasi den zutabean gure eskualdean darabilgun aldarrikapena Sestaoko kaskoraino eroan da; Meatzaldean LAN eta BIZI!  Meatzaldean lan eta bizi. Bai horixe! Eta hori erdiesteko, gure eskualdean bizi eta lan egin ahal izateko, antolatu eta herrietatik alternatibak sortzen asmatu beharra daukagu eredu justu eta solidarioa lortzeko.

Gora Meatzaldea!

Herrikolorek egindako kronika eta argazkiak