2013/07/08

babosoak kanpora!

San Ferminek jakin beharko luke Santa Ferminari merezitako lekua eskaintzen bere jaietan. Tamalgarria da gaur egunean gazteok oraindik hain atzerakoiak izatea. Tamalgarria festa giroan emakumea objektu bat bailitzan erabiltzea. Tamalgarria berdintasunean hezita behar luketen gazteak emakumearen hain irudi distortsionatua erakustea. Tamalgarria.
 
Irakurri testu osoa Malen Aldalurren blogean

2013/06/28

AHTaren lanen egoera


Hemen duzue gure politikari-kudeatzaile azkar eta ustelen emaitza.

2013/06/27

enplegu batzordea eta herri eskaera

Gaur, Ortuellako Plataforma Sozialak deituta udal batzera gardetasuna aldarrikatzeko herri eskaera eraman da. Udalak darabilen lan-poltsak ezagutzea eta Behargintzaren kudeaketa argitzea dira eskaera horren helburuak, eta ortuellarrok ezagut dezagun herriko kaleetan inkatuta egon da azken zortzi egunotan.

Arratsaldean jendea udal batzera hurbildu denean, alkateak proposatu du datorren astean egingo omen den enplegu batzordera eskaera eramatea. Baina, ez berak, ezta arlo horretako zinegotziak ere, ez dute jakin zein egunetan izango den batzorde hori. Inprobisazioa izan da? Ummmm... 

Edonola ere, enplegu batzordean jorratuko dena prestatzeko bilera deitu du Plataforma Sozialak; datorren asteartean, uztailak 2, 19:30ean OKEn

2013/06/26

lasai, dena kontrolpean!


Habemus Alkate! Saulo Nebreda izango da Ortuellako alkate berria, hemen bere adierazpenak eta Oskar Martinez-i botatako loreak. 

Portzierto, inor konturatu al da azken hilabeteotan udaletxean daude alderdien zerrendaburuek; PNV, PSE eta Bildukoek, kargua utzi dutela? Zerrenda irekiak ote?


2013/06/24

Batzar Irekia eta gardentasuna

 
Ortuellan pairatzen ari garen egoera larria dela-eta; azken hilabeteotan elkarlanerako guneak sustatzen eta dinamika berriak indartzen sartuta ibili gara. Horrek hainbat batzar, deialdi, manifa eta mobilizazioren antolakuntzan murgildu gaitu. Ortuellako Plataforma Soziala ibilbide horren emaitza izan da. Lorpena, ez da LAU KATUrena bakarrik, noski! baina hasiera-hasieratik buru-belarri sartu ginen horren aktibazioan eta nahiz eta gure bestelako helburuak momentuz albo batera utzi, fruituak ematen ari dela ikusten dugu.

Plataforma Sozialean gabiltzan talde, kolektibo eta norbanakook herritarron parte-hartze zuzena aldarrikatzen dugu, izen eta aurreiritzien gainetik, modu adostu eta demokratikoan, protagonismo eta elkarlanean; denok batera, HERRIA HERRITIK EGINEZ. Une honetan bi dira lantzen ari diren gaiak; langabezi eta bazterketa soziala. Aurrerago beste asko daukagu jorratzeko; auzoak, kultura, aisia, berdintasuna, udala, parte-hartze zuzena...

Langabeziari dagokionez, eskaera zehatza egingo zaio Ortuellako Udalari ostegunean izango den udal batzean, gardentasuna. Gardentasuna, ez dakigulako zeintzuk diren udalak kudeatzen dituen lan-poltsetan aplikatzen diren kriterioak. Gardentasuna ere Behargintzaren kudeaketan; zeintzuk diren bere funtzioak, zenbat lan-postu sortu dituen hasi zenetik, prestakuntza ikastaroen egokitasuna...

Horretaz berba egiteko, Ortuellako Plataforma Sozialak BATZAR IREKIA deitu du ostegun honetan, ekainak 27, 19:00etan udaletxeko plazan. Bertan, zuen proposamenak, galderak eta ideiak botatzeko aukera izango duzue. Horren ostean batzar aretora igoko gara zinegotziek gure aldarrikapenak entzun ditzaten. Gora Herria!

2013/06/10

onena emateko garaia?

Oskar Martinez joan da, baina hemen geratzen dira 930 pertsona langabezian eta urteetan ordaindu beharko dugun zorra.


2013/05/30

lagun bati

Arratsaldeko manifestazioa, Meatzarien etorbidea
Kaixo lagun:
Gaur greba eguna izan da eta Ortuellako langabetuen asanbladak deitu duen manifestazioan holakoak bota dituzu; "lanik ez dutenak mugitzen ez badira, zer egingo dugu guk?" "hemen gazteak falta dira, tabernan bai, baina gero ez!" "Herri honek ez du ezer merezi" Aber, txoratu gara, ala? 

Gaur kalera irten gara sistema hau aldatu nahi dugula ozen esateko, sufritzen dutenei elkartasuna adierazteko, Herria egiteko. Zeinek esan zizun hori erraza izango zela? 

Askotan esan diguzu borroka dela bidea. Bada, holaxe da borroka, bide gogorra eta batzuetan etsigarria. Eta hala ere, gaur beste tanta bat jarri dugu geure elkartasun itsasoan. Gaur beste aurpegi batzuk ikusi izan ditugu, kexaka ibili beharrean protestatzera etorri direnak. Beraz, goiari eutsi eta lotu lanari!. Nor bere lekutik eta geure burua jipoitu gabe. 

Gora Herria!


2013/05/27

m30 Greba Orokorra, zer egingo duzu?

Ostegunean, greba deialdia eginda dago Euskal Herrian, baina berriro ere, batasun sindikalik ez da eman eta gure herrian ez da greba batzorderik antolatu. Gehienok zalantzak baditugu ere, mugitzeko beharra ikusten dugu. Hori dela eta, Ortuellako Langabetu Batzordeak antolatu duen manifestaldian parte hartzera animatzen zaitugu.
 
Manifa: Ostegunean, 19:00etan Ortuellako Udaletxetik irtengo da

Beste ideiarik edo proposamenik jorratu gura baduzu, bidali mezua.

 

2013/05/26

Justizia Soziala, asteartean batzar irekia

Poliki-poliki, baina eten barik, Ortuellako Plataforma Soziala aurrera doa. Hilabete hauetan mobilizazio eta eragite lanak egin izan ditugu gehienbat, asteartean; planteamendu zehatzagoak landuko ditugu. Horretarako, batzarretik sortu ziren lan-taldeek egindakoaren berri emango digute. Komentatuko diren puntuen artean esaterako; langabeziaren inguruan Ortuellako Udalari egingo zaion eskaera aurkeztu eta denon artean adostuko dugu.

BATZAR IREKIA: Maiatzaren 28an, asteartea, 19:00etan OKEn

Oharra: Aztergaien artean, Meatzaldeko hainbat kolektibo sozial antolatzen ari garen elkarlanerako gunearen nondik norakoa azalduko da.


2013/05/17

Interneten segurtasunez jarduteko tailerra

HerriKolorek tailer interesgarria antolatu du datorren astebururako, zuetako inor animatzen bada, jarri gurekin harremanetan eta elkarrekin joango gara.

Preso politikorik ez daukan herria

Rusia, Iran, Kolonbia, Marroko, Israel, Txina... eta atzotik, horrela erabaki baitzuten Eusko Legebiltzarrean, Euskal Herria ere preso politikorik gabeko eremua da. Baina, ez ginateke horrekin harritu beharko, ez baitago mundu osoan preso politiko hitza onartuko duen herrialde "demokratiko"rik. Eta beste kontu askotan bezala, honetan ere, herritar eta gizarte eragileen esku dago egoera honi guztiari buelta ematea, ahalik eta lasterren atxilotu, preso, iheslari eta gainontzeko berba hitsak gure eguneroko hiztegitik desager daitezen. Horren karira, bihar M18 plazara ekimenak deialdia egin du Ortuellan bertan.

2013/05/15

Ortuella mugitzen ari da!

Ortuellako elkarte eta kolektibo sozialen bilguneak darrai. Hilabeko azken astearteetan batzen gara herriko arazoei buruz berba egin eta irtenbide posibleak denon artean adosteko. Une honetan, gehien bat, sentsibilizazio eta eragite lanak egiten ari gara.

Horretarako lan-taldeak sortuko ditugu. Momentuz 3 talde osatu dira:
  • Lehenengo lan-taldea; herriko langabezia eta lan munduaren egoera aztertzen ari da. 
  • Bigarren lan-taldea; gure arteko komunikazioa hobetzeko proposamena garatzen ari da, 
  • Hirugarren lan-taldea; formakuntzaren ingurukoa da, horretarako dokumentalak, zine-forumak eta eztabaidak uztartuko ditu.
Zeuk ere horrelako baten parte hartu ahal duzu, edo beste bat sortzeko proposamena egin. 

Hurrengo batzarra; maiatzaren 28an, martitzena, 19:00etan OKEn. Pasa zaitez eta zure proposamenak ekarri.

2013/05/13

Kasposo, matxista eta homobofoa...


Ez da oso logikoa Ortuellako jai batzordean parte hartu barik, LAU KATUtik asteburu honetako balorazioak egitea, horretarako jai batzordea dago. Ez, ez gara hasiko jaien zentsuaz, herritarren parte-hartzeaz edo festa ereduen inguruan berbetan. Baina gaur, asteburu honetan gure arteko asko asaldatu duen kontu batek nolabaiteko hausnarketa egitera bultzatu gaitu; zapatuko gau-jaia egitera Castellótik (País Valencià) etorri zen Centauro taldearen emanaldiaz ari gara.

Aspaldian ez dugu horrelako talde kasposo eta kutre eskenatoki baten gainean ikusi. Gau osoan zehar mikrotik bota zituzten mezu “sinpatikoei” eta euren pantailetan agertzen ziren irudiei matxismo kiratsa zerien. Taldeen letrak desitxuratu, eta “los gays esa gente tan sinpatica, que tambien respetamos” bezalako mezuetan, homofobiaren alde “jatorra” erakutsi ziguten etengabeko jario nazkagarrian.

Plazan denetariko jendea zegoen eta ziurrenik, batzuek ondo pasatu zuten. Horrela bada, Ortuellan lan handia daukagu aurreko astean komentatu genuen biolentzia kulturala salatzen eta baloreak lantzen.



2013/05/11

Meatzalde mailako koordinazioaz

Trapagarandik mezu hau jaso dugu:


Aupa lagunak!
Maiatzaren 1eko martxaren ondoren planteatzen dugu ia beharrezkoa posible ikusten dugun eskualde mailan, meatzaldeko kolektibo sozialen  koordinazio bat sortzea, kanpaina, ekimen eta proiektuak elkarbanatu eta eskualdeko ikuspegiz ekimenak sortzeko. Zuek nola ikusten duzue gauza?  Bilera ireki bat deitzen dugu horretarako.
Maiatzak 22, asteazkena
19:00etan Trapagarango gaztetxean.


2013/05/09

Ikusten ez diren biolentziak


Johan Galtungen hirukiak ondo islatzen duen moduan 3 biolentzia mota pairatzen ditugu gure bizitzan zehar: lehena, biolentzia ikusgarria da, beste biak; biolentzia ikusezinak (estrukturala eta kulturala) Ikusezinak baino biolentzia “eztutuak” deitu behako genieke.
Biolentzia ikusgarriari, Biolentzia Zuzena deitzen diogu; auzoko bat jotzea, tiroak jotzea, gerrak, autobus bat erretzea, ertzantzaren kargak, bortxakeak...
Biolentzia Estrukturala, erakundeen biolentzia da; ejertzitoa, polizia, gartzela eta zigorrak...  
Biolentzia Kulturalaren barruan, esaterako, patriarkatua litzateke; rolen banaketa, jendarteko ohitura eta tradizioak…
Zer gertatzen da "biolentzia ikustezinak" azalarazten direnean; lagun batek bikotekidea kolpatzen duenean esaterako? Bada, politikari eta komunikabide guztiak agertzen direla salaketa eta adierazpenak egitera, atzo Ortuellan egin zuten bezala. Noiz erantzungo diete bestelako biolentziei?

2013/05/08

Indarkeria gaitzetsi!


Bla, bla, bla... condena, condena, condena...Hori al da adostutakoa? Baina zer da ordezkari politikoek eta euren alderdiek proposatzen dutena? Comision de Seguridad baino Ortuellan Elkarbizitza Batzordea behar dugu. PATETIKOA!

Kantu kalejira larunbatean :)



Azken urteotan gero eta gehiago dira Euskal Herrian sortzen ari diren kantuzale taldeak. Gure ustez, talde hauek dituzten helburuak oso interesgarriak dira: Batetik; kantatzeko ohitura berreskuratzea; herrietako kaleak kantuz dinamizatzea, alaitzea, jai giroa bultzatzea. Bestetik; kantuen bitartez euskal kultura eta euskara bera bultzatzea.

LAU KATUn helburuekin bat egiten dugunez, Ortuellako jaietan Meatzaldeko Berbalagunek eta Trapagaran Kantuz taldeak antolatu duten kantu kalejiran parte hartuko dugu, gure herriko jaietan euskararen erabilera sustatzeko modu alaia eta ederra da eta.

KANTU KALEJIRA Maiatzaren 11, larunbata, 19:30ean AEKko txosnan.

Oharra: Kantak ez badakizkizu, lasai bertan kantutegiak banatuko dira. Smartphone bat badaukazu Kantari aplikazioa deskargatu!


2013/05/06

Ortuella, Tolerancia Cero?


Prentsan berri hau irakurri dugu,  "Tolerancia Cero" con la violencia en las fiestas. Apur bat harritu gara eta galdera batzuk bururatu zaizkigu: Tolerancia Cero? Baten batek al daki zer planteatuko du Ortuellako Udalak? Norekin adostu da? Zeintzuk dira kultur eta gizarte eragile horiek? Zergatik orain, jaiak hasiko direlako ala duela 8 egun beste auzokide bat jipoitu dutelako?

Urtarrilaren 1eko tiroketaren ostean ez-ohiko udalbatzan; Ortuellako Udala osatzen duten alderdiek; PNV, PSE eta Bildu, horrelako istiluen aurrean protokoloa aktibatuko zutela adostu omen zuten; salaketak alegia. Gure ustez, azken urteotan gertatu diren egoera biolento horiek, eta ikusten ez diren bestelako biolentziak, ezin dira salaketetara mugatu. Ortuellan ere sentsibilizazioa eta prebentzio lana behar-beharrezkoa da; eskoletan, kolektiboetan, familietan... Eta politika horiek arrakastatsuak izango badira herritarron adostasuna eta inplikazioa beharko dituzte.

Jaiak hastear daude, eta guk 2012koetan bota genuen mezu bera konpartitu nahiko genuke; Jaietan ere, denon eskubideak defendatu! Zein da zuen iritzia?


2013/05/02

Gazte Eguna 2013, izan pirata!


Lapur profesionalak ezagutzen ditugu; bankuak, inmobiliariak, enpresariak, politikari ustelak... Urteetan geurea lapurtzen ibili ostean, bada garaia geu ere abordajera pasatzeko. Kendutakoa berreskuratu eta behar den banaketa justua ematen hasteko unea hurbiltzen hasi da. Izan gaitezen korsario, bukanero, pirata!
Zapatuan jantzi pirata arropak, hartu bandera beltza eta Ortuellako Gazte Egunara etorri. Gazte Asanbladaren X. urteurrena ospatzeko aukera bikaina da eta.

Egitaraua:
11:30ean Kalejira
13:00ean Poteoa
14:30ean: Herri bazkaria
18:30ean Gynkana
20:00etan Eskalada Master
21:30ean Polunpak
Ostean... Kontzertuak.
Kolt 45
Endika Kos-k
Ebony Rose
Ustelak Ustel


Gure ametsak, euren lokamutsak. Izan pirata eta parte hartu!


2013/05/01

Herria gara, batu gaitezen!

Batasun sindikalik ez dagoen Euskal Herri honetan, gaur, Maiatzaren Lehenean, Langile Klasearen batasuna posiblea dela erakutsi dugu Meatzaldeko eta Ezkerraldeko martxetan elkartu garen guztiok; gazte asanbladak, feministak, langabetu elkarteak, langileak, kolektibo sozialak...  Gaur, pertsonen arteko batasuna gailendu da izenak, siglak eta protagonismoen gainetik. Ideologia ezberdineko kolektibo eta pertsonen arteko lankidetzaren emaitza izan da, beraz; zorionak guztioi!

Ortuellako plazatik hasi den zutabean gure eskualdean darabilgun aldarrikapena Sestaoko kaskoraino eroan da; Meatzaldean LAN eta BIZI!  Meatzaldean lan eta bizi. Bai horixe! Eta hori erdiesteko, gure eskualdean bizi eta lan egin ahal izateko, antolatu eta herrietatik alternatibak sortzen asmatu beharra daukagu eredu justu eta solidarioa lortzeko.

Gora Meatzaldea!

Herrikolorek egindako kronika eta argazkiak


2013/04/30

Ortuellan idiotak gara!

Bai lagunok, halaxe da, Ortuellak ez dauka konpontzerik, idiotak gara! Eta froga gehiago behar bazenuten hemen duzue azken adibidea. 

Duela bi hilabete Foro125 elkarteak boluntarioen bidez elikagaien bankua martxan jartzeko asmoa adierazi zuen. Helburua Ortuellan laguntza behar dutenen artean elkartasun sarea hedatzea da. Apirilaren 11n euren blogean zabaldu eta herriko karteldegietan kartela inkatu zuten. Bada, 2 aste beranduago Ortuellako PNVkoek helburu berbera duen beste ekimen bat antolatu dute. Alaporai!

Bizi garen egoera latzean elkartasuna behar-beharrezkoa bada ere, gisa horretako ekimenak hasieratik ondo bideratu behar dira. Lanean dauden eragileekin adostuta (Udaleko gizarte zerbitzuak, Caritas, Bizkaiko elikagaien bankua...)  eta batez ere, inolako protagonismorik bilatu gabe.

2013/04/23

Meatzaldean bizi eta lan!


 
Meatzaldean eta Ezkerraldean langabezia eta murrizketen aurka dauden elkarte, kolektibo eta norbanakoen izenean deialdia egin da Maiatzaren Lehena elkarrekin antolatzeko. 

Deialdiaren helburuak bi dira: batetik, gure eskualdean pairatzen dugun langabezia eta pobrezia egoerak azalaraztea, eta bestetik; langileon borroka sistema aldatzeko tresna baliotsua dela aldarrikatzea. 

Denok elkarrekin Ortuellako Udaletxetik 09:30ean irtengo den zutabean parte hartzera animatzen zaituztegu! 



2013/04/21

gizona ez da ona


Steve Cutts ilustratzaile ingelesak egindako bideoa. Kapitalismoaren arabera moldatutako egungo gizakiaren estereotipoari, ironiaz betetako kritika zorrotza.

2013/04/16

Maiatzaren Lehena antolatzeko deialdia

Meatzaldeko plataforma sozial, auzotar elkarte, gizarte arloko kezkak ditugun langabetu asanblada, gazte asanblada, kolektibo eta erakundeek Maiatzaren Lehena antolatuko dugu elkarrekin gure eskualdean.

Ortuellatik abiatuz, Trapagaran gurutzatuz eta Sestaora iritsiko den martxa bat eginez. Lehengo meatzariak bezala gaurko herritarrek ere kapitalismoaren alternatiba eraiki nahi dugulako: aberastasuna banatu, lana banatu, boterea herritarrek kudeatu. Meatzaldean inon baino gehiago boteretsuen interesen gainetik pertsona oinarri duen mundua nahi dugulako.
Maiatzaren Lehena antolatzeko bilera, apirilak 18, osteguna, 19:30etan Trapagarango gaztetxean. Norbanako, elkarte, kolektibo sozial edo erakunde guztiei irekia;
LAU KATUn deialdiarekin bat egiten dugu. 
Gora Maiatzaren Lehena!

2013/04/09

talibanak gara

Martxoaren 24an, KORRIKAren bukaeran, Baionako udaletxearen pareko plazatik LAU KATUn gabiltzan lagunok Amets Arzallusen hitzak entzun ahal izan genituen. Gure arteko gehienok euskaldun-berriak gara, harro gaude horretaz, eta pozik hartu genuen lekukoaren barruan zegoen mezuaren esanahia.

Sei egun beranduago, aberri egunaren bezperan, Itsasun, politikari abertzaleen  aurrean, euskarari ematen zaion trataeraren inguruan zorrotz mintzatu zen bertsolari lapurtarra: Batzuk diote hizkuntzaz ari naizelarik integrista bat naizela. Talibana ere entzun izan dut. Ez nekien hemen koerentea izateari talibana esaten zitzaionik.  

Meatzaldean, Ortuellan bertan, askotan entzun izan ditugu horrelako berbak, baita gogorragoak ere, eta horregatik konpartitzen dugu Ametsen bigarren diskurtsoa ere bai.  


2013/03/25

lana banatu! aberastasuna banatu!


Bihar, martxoak 26, Ortuellako Langabetuen Asanbladak manifestaldia antolatu du herrian. Indarrak batzeko unea da. Bihar 19:00etan Udaletxeko plazan.

herri hau ere euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen


"Herri hau ere euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen. Hautatzen diogun ama hizkuntzaren arabera dago gure herriaren geroa. Erdaraz mintzaraziko gaituztela? Badakigu hori. Herri honek pentsatu beharko du zerbait erdarari buruz, baina herri hau ezin da pentsatu erdaraz, herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen." Amets Arzallus

2013/03/20

udalberriaren zain


euskararen lekukoa Ortuellan


Ostiralean Korrika Ortuellara helduko da. Edizio honetan eman euskara elkarri lemapean, euskara ikasten ari diren lagun guztiak omendu nahi ditu Korrikak. Ortuellako euskaldun gehienok ez dugu euskara etxean jaso, euskaltegian edo eskoletan ikasi dugu, beraz; aurtengo omenaldia guretzat ere bada.

Ortuella lagun askoren esfortzua eta konpromisoari esker euskaldunagoa da orain; euskaltegietako matrikula pagatu zuen langabetua, barnetegira euskara hobetzeko joandako gurasoa, berbalagunen astero laguntzera doan euskalduna, euskararen aldeko aldarrikapenak egiten dituen euskaltzalea, lan-baldintza eskasetan urteetan ibili den euskara irakaslea...

Euskaldunberri horietako asko Ortuellako AEKn ibili ginen ikasten. Ikasten eta... txosna txandetan, pegatak ipintzen eta dirua biltzen... eta dibertitzen ginen. Ortuellako AEK urteetan euskararen erreferentzia bakarra izan zen herrian, gero beste batzuk etorri baziren ere, euskaltegia izan zen ekimen mordoren sortzailea; bertso afariak, jaialdiak, txangoak, kultur emanaldiak, Euskararen Astea bera... Garai hartako euskaltegiko ikasleontzat Korrika, AEKegunarekin batera, euskaltegian egindako esfortzua ospatzeko aukera aparta zen.

Beharbada eskoletan ezagutu zuten umeentzat Korrika beste gauza bat izan zen, Korrika txikia eskolako hormetatik haratago zegoen zerbait majikoa, olentzaro moduko zerbait, euskararen beste ikuspegi bat. Euskal komunitatea irudikatzeko aukera bat.

Edonola ere, Korrika herri gisa zer izan nahi dugun hobekien islatzen duen adierazpena da. Eta era berean, euskaltegietarako dirua biltzeko herri ekimena ere bada. Horrexegatik saltzen dira kilometroak, petoak eta bestelako materiala. Ez da normala herri batek bere hizkuntza bizirauteko dirua eske ibiltzea, baina halaxe da dugun egoera politikoa tamalgarria, euskara ez da inoren agendetan sartzen. 
 
Kilometroak egitea erakustoki bilakatu da urte hauetan, lehen oztopoak jartzen zituztenak prestu daude orain petoa janzteko, argazkian ateratzeko. Euskararen alde esfortzu txikiena ere egiteko prest ez daudenak bertan ikusiko ditugu, euren izenak furgonetatik esango dira, euren aldarrikapenak entzun beharko ditugu KORRIKAk ematen dien aukeraz baliatuta. Baina zer egingo dugu bada? Badakigu kilometroak erostea eta euskararen lekukoa eramatea batzuetan ez datozela bat.

Baina KORRIKA ostiralean Ortuellan sartuko da eta zeu ere bertan ikusi nahi zaitugu, Ortuellako euskaldunok euskaraz bizi nahi dugula ozen esateko unea delako. Gora KORRIKA!

2013/03/19

Parot doktrina eta Patxi


Bihar aztertuko du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, 197/2006 doktrina edo "Parot doktrina" deitua aplikazioa. Hartuko den erabakiaren arabera euskal preso politikoei aplikatzen zaien zigor estrategia krudela argituko da, bihar beraz egun garrantzitsua izango da. Doktrina pairatzen duten 71 preso horien artean gure herrikidea den Patxi Gomez dago, 20 urte sakabaneketako gartzeletan bete ostean beste zigor bat aplikatu ziotena.

Hori guztia salatu eta Patxiri elkartasuna adierazteko manifestazioa antolatu da; bihar, azteazkena, 20:00etan BBKren aurrean

Hau da LAU KATUren blogean egin dugun 100. sarrera. Ez da guk nahiko genukeen berria, baina Ortuellan aldatu nahi ditugun kontuak zabaldu behar ditugu. Blogean, facebooken eta kalean jarraitzen eta laguntzen diguzuen guztioi, eskerrik asko!

2013/03/17

korralitoa? guk egingo dieguna!


Ortuellan ez dago langabeturik!

Atzoko manifestaldiaren ostean jarritako pankarta gaur goizean kendu dute. Zergatik? Bada, egia estaltzeko eta izorratzen zaiena kentzeko agindua eman dutelako.Haserrea pasatu ostean beste posibilitatea bat bururatu zaigu. Errealitatea aldatu da, jada ez dago langabeturik Ortuellan, udalak eta alderdiek lortzen ez zutena herritarrok lortu dugu. Putoamoak gara, gora HERRIA! 

Pankarta eta kartelak agian bai, baina umorea eta lan egiteko gogoa ez diguzue kenduko inkonpetente koadrila.

2013/03/16

Ortuella, mugitzeko unea da!

Bilboko manifestaldian
Gaurko manifaren ostean sindikatu eta alderdiek euren balorazioak egin dituzte; geuri berriz, Ortuella mailakoa dagokigu. Egon garen gehienon ustez, gaurkoa, borroka luze baten lehen pausua baino ez da izan, izan ere; oraindik asko dugu egiteke. Ortuellan ere beste eredu bat behar dugu; justizia sozialean oinarrituta, demokratikoa, partehartzailea, bazterketak arbuiatuko dituena, solidarioa eta sortzailea. Eta horrelako eredua berez etorriko ez denez, abian jartzen diren ekimen guztiak defendatu eta elkarlana sustatzen jarraitu behar dugu. GORA HERRIA!

2013/03/14

KORRIKA Ortuellan

Aurtengo KORRIKAren leloa, eman euskara elkarri lelo ezinhobea da. Dakienak eman behar du, ez dakienak ikasi.  Gure herrian, Ortuellan, euskaldun asko dauden arren, hiztun aktibo gutxi gaude, denok ezagutzen ditugun "txoro" horiek. Beno, guk eman ematen dugu, baina jaso, ere, jaso nahiko genuke. Beraz, euskalduna bazara hitz egidazu euskaraz!

Gora Ortuellako euskaldunok eta gora KORRIKA!

Bizi Toki, eskolari alternatiba bat

Euskaraz murgiltzea, ikerketa pedagogikoa, gurasoen esku hartzea, oreka ekologikoa eta bizimolde autonomoa dira Bizi Tokiren oinarri nagusiak. Euren sustatzaileek diotenez, "Bizi Toki ez da eskola alternatibo bat, eskolari alternatiba bat baizik”  

Trapagarango Gaztetxeak antolatuta Baxe Nafarroako guraso batzuk izango dira haien esperientzia azaldu eta eskolari buruz, heziketari buruz berba egiteko. Ostean askari-tertulia izango da.   

Noiz? Astelehenean, martxoak 18, 19:00etan Basetxe Gaztetxean.

2013/03/13

aurrekontuak Eusko Jaurlaritzan eta Ortuellan

Atzo Iñigo Urkullu lehendakariak 2013ko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen. Segituan, eragile soziopolitiko ezberdinetatik kritika eta erreakzio ugari jaso zituen. Ezin zuten besterik egin? Jakina baietz! baina EAJren eredua neoliberalak ez du horretan sinisten eta aurrekontu proposamen honek bi gauza utzi ditu agerian: 
  1. Madrilgo gobernuarekiko menpekotasuna. Kupoaren negoziazioa eta defizitaren onarpen itsua horren adierazleak dira. Bitartean, AHT proiektu txikitzaileak estrategikoa izaten jarraitzen du!
  2. Eredu klasista eta txantxuileroaren aldeko apustua. Batetik, zergen politika okerrak mantentzen jarraituko dute, aberats eta pobreon arteko distantzia handitzea ekarriko duena. Bestetik, instituzioen gaindimentsionamendua eta txiringitismoaren politika. 
Ortuellan momentuz, aurrekontuak onartu barik daude, eta oraindik ez dugu jaso %21etik gorako langabezia duen herrirako proposamen koherenterik. Alderdiek planteatzen duten partxeotik haratago; Ortuellan enplegu iraunkor eta duina; herriaren suspertzea eta justizia soziala uztartuko dituzten politikak behar ditugu. Lan serio hori egiteko alderdikeriak alde batera laga behar dira, benetako politika egiteko unea da. Horretarako, nahitaez, herritar guztiok ahotsa izan beharko genuke gurea den instituzio batean, udaletxean. Ortuellak ezin du gehiagorik itxaron.

Aurrekontuak direla eta Iker Aranburuk oso azterketa zuzena egin du gaurko Berrian.

2013/03/12

larunbatean Ortuellatik Bilbora elkarrekin!

Datuok eta errealitateak adierazten digute murrizketen bidez egin politikak ez zaizkigula krisialditik ateratzen ari, aitzitik, urte luzez borrokatuz lortu ditugun eskubideak deuseztatu nahi dituzte.

Hego Euskal Herri osoan erregistratu den langabezia 230.878 pertsonetakoa da. Marka historiko berri honek islatzen du bizi dugun unearen larritasuna. Bereziki kezkagarria da, langabetuen %47,5ak, hots, bi langabetuetatik batek inolako saririk ez jasotzea.

Erakundeek erabaki dute gizarte-gastuak murriztu behar direla, horren  harira, gizarte-zerbitzu publikoetara zuzendu aurrekontuak urritu dituzte. Osasungintzara, hezkuntzara, etxebizitzetara, ingurumenera, lankidetzara, etab... zuzendu aurrekontuak murriztu dituzte, baita gizarte-laguntzak
eskuratzeko betekizunak eta gizarte-laguntzen munta ere.

2013/03/08

ezabatu ezin diren egiak

Jose Antonio Dieguez Garciak etxetik bota baino lehentxoago, leihotik salto eginda bere buruaz beste egin zuen. 24 ordu beranduxeago auzokideek  eginiko pintada ezabatu du udalak. nAZKUNA!

2013/03/07

langabeziaren argazkia Ortuellan.

Zeintzuk dira instituzioetatik eta erakundeetatik proposatzen diren irtenbideak? Zer dio Ortuellako Udalak? eta Behargintzak? Argazki horretan "mugitzeko" garaia heldu da!


2013/03/06

COKE EZ! larunbatean ospatuko dugu

Azkenean epaitegi batek Meatzaldea Bizirik elkarteak aurkeztutako errekurtsoa aintzat hartu du, eta balio gabe utzi ditu Muskizko Udalak Petronorri emandako bi jardun-baimen: koke plantarena eta CG6 kogenerazio plantarena. Bi planta horiek egiteko bere garaian emandako obra-baimenak ere baliogabetu ditu sententziak.

Beste askotan bezala, udal txotxongiloek interes ekonomikoak babestu eta  HERRIAren aurka egin zuten, baina honetan behintzat epaile batek arrazoia herritarrei eman die. Ebazpena ospatzeko elkartetik deialdia egin dute, martxoaren 9an, larunbata, 13:00etan Meatzari plazan

gaztetxeak eta neskak

Bestelako gizarte baten aldeko lana egiten duten hamaika gaztetxe daude Euskal Herrian. Ez dira, baina, gizartean bakarturik bizi, eta haietan ere aurkitu daitezke jokabide matxistak. Egoera aztertzeko, Movimientos sociales, relaciones de género y cultura. El caso de los gaztetxes en la CAPV (Gizarte mugimenduak, genero harremanak eta kultura. EAEko gaztetxeen kasua) ikerlana egin du Pili Alvarezek (Bartzelona, 1985). Hala ere, ez lioke mugimendu horri kalterik egin nahi. «Autokritika beharrezkoa dela uste dut, baina gaztetxeak beharrezkoak dira, gauza asko egiten dituzte ondo». Jarraitu irakurtzen


zer gara gu? nor gara gu?... non gaude gu?

EZKERRA eta ESKUINA kontzeptuak parlamenturako balio duela onartzen dut, GOIA eta BEHEAk botere eta giza mugimenduen borroketarako. Baina guri interesatzen zaiguna BARRUA eta KANPOA kontzeptua da, benetako autogestioaren sorkuntzaz ari zaiguna. Ez dut esan nahi besteek balio ez dutenik, baina gure borrokarako ez dute balio. BARRUA geure buruaren antolakuntzaz ari da, eta hor estatua eta boterea ezin dira sartu. 

Es preciso encontrar alianzas en las diferentes luchas para avanzar mejor
Enric Durán 


2013/03/04

Les perseguirán nuestras memorias para siempre

1976ko martxoaren 3an poliziak Gasteizko San Frantzisko elizako leihoak apurtu eta barruan zeudenak tirokatu zituen. Bertan, greba asanblada bat zegoen, langileen asanblada bat. 5 lagun hil eta beste dozenaka zauritu zituzten. Garai hartan Manuel Fraga Espainiako Gobernuko Barne ministroa zen, geroxeago PPko lehendakaria eta transizioaren ikur horietako bat. Inork ez du hilketa horiek epaitu.  

Gaur, urtero bezala, manifestazioa izan da Gasteizen sarraski hura gogoratzeko.  Baina gaur, lagun talde batek eliza okupatu eta asanblada egin du bertan. Herriak ez du barkatuko!

Campanades a Morts - Lluís Llach  


2013/02/27

Drogak direla eta.


Gaur Berrian Julio Soto bertsolariak drogen gaia ekarri du eta eztabaida sortu da sarean. Askotan entzun dugu Ortuellan errazagoa dela ostiral batean koka gramo bat erostea otartekoa baino. Zer iritzia dago Ortuellan horren inguruan? Nola bizi dugu herrian errealitate hori? Zer hausnarketa egiten duzu zuk?

Hemen artikulua: hautsak harrotzen
Ukaezina den datu bat da. Euskal herritarrak drogatu egiten gara. Euskal Herrian droga kontsumitzen da. Desfasearen amaraunak loturik gauzka. Alkohola amaraunaren hari bat. Ziurrenik ez luzeena. Komunetik sudurzulo zurituekin ateratzea parrastada bat botatzea bezain arrunta da. Gogorra, baina egia.

Normalizaturik dago kontsumitzea. Normalizaturik eta ongi ikusia. Arraroa zu, zerbeza eskutan ezagutzen ez duzun tipo batek tiro bat eskatzen/eskaintzen dizunean, uko egitean. Sentsazio berdingabea omen den horri uko egitean. Arraroa zu, txosna bateko barraren gainean arrasto bat prestatzen ari denari kargu hartzean.

2013/02/26

Gure gidari setatsuak


Napoliko
kale estu batean autoa aparkatu nahian dabil gure gizontxoa. Temati paratu eta azkenean kaleko trafikoa moztu du. Autoak pilatu dira, eta motorzaleak, eta prozesioa. Apaizak ere lagundu nahi dio. Poliziak ez dakit zer egin. Kaleko batzuk haserretu dira, besteak barrezka daude. Surrealismo italiarra.

Kale horretan gertatu dena Ortuellako Udalaren metafora izan daiteke. Egoera surrealistaren metafora. Orain galdera da; noiz kenduko diegu bolantea maneiatzen ez dakiten gidari
setatsuei?


2013/02/20

Egunkaria 10 urte


Gaur 10 urte, Espainiako gobernuak Egunkaria itxi zuen. Egun euskara suntsitzeko ahaleginetan dihardute. Alferrik dabiltza! Guk EUSKARAZ BIZI NAHI DUGU! 

Gogoan ditugu haien zaunkak, haien txistuak eta Martxeloren adierazpenak ziegatik atera zutenean. Baina une honetan milaka lagunek emandako babesa gogoratu nahi dugu.

Herriak sortu zuen Egunkaria, eta Herriak zainduko du maite duen hori.


2013/02/17

Krisiarekin ala krisirik gabe, GELDITU AHT!

AHT Gelditu! Elkarlanak 2013ko aurrekontuetan Eusko Jaurlaritzari AHTrentzat partida ekonomikorik onar ez dezala eskatu dio eta honekin batera, elkarretaratzea deitzen du Eusko Jaurlaritzaren Bilboko Ordezkaritzen aurrean, AHT behingoan geldi dezatela eskatzeko.
 
Noiz: Asteazkenean, otsailak 20, 19:00etan


 

2013/02/16

Em cada esquina um amigo, em cada rosto igualdade


POLITIKAren esanahia usteltzen dutenean, gogorarazi behar zaie HERRIA dela agintzen duena "o povo é quem mais ordena"  Oso ona!


2013/02/05

Korrika batzordea Ortuellan


Martxoaren 22an, ostirala, goizeko 08:10ean Intxaurditik sartuko da KORRIKA Ortuellan. 18. edizioa da eta beti bezala, hori antolatzeko Korrika Batzordea osatu nahi du AEKk. Geuri deia egin digute eta guk zabalduko dugu, nola ez?! 

Korrika Batzordearen lehen bilera; ostegunean, otsailak 7, 19:30ean Ortuellako euskaltegian izango da. Hauek dira jorratuko diren puntuak: Ortuellako ibilbidea, kilometroen salmenta, korrikalagun, eginkizunak... eta otsailaren 22an OKEn egingo den KORRIKA DESFILEA!

Animatu eta partu, Ortuellan ere euskaraz!



2013/02/04

OKE daflipagu!

"Ortuella, en Bizcaya, está en un proceso de renovación socio-económica, creando nuevos polos de atención turística y social."

Horrela gertatu gara arkitekturari buruzko blog honetan esaldia irakurri dugunean. Beno, badakizue; urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta... inkonpetente taldea udaletxean.

Astra, herritarren sareek sortua


Gernikako Astra Kultura Fabrika proiektu mundiala da. Eta hona ekarri dugu, zeuek ikusteko jende ezberdina proiektu baten alde jartzen denean, sinisten duenean, zelan atera daitekeen aurrera. Beraz, bideo hau inspiraziorako pilula txikia da.

Gustatuko litzaizuke Ortuellan horrelako proiektu baten partaide izatea?

2013/02/02

otsailak 14/21 komunikazio tailerra, DEBALDE!

LAU KATUtik gonbidatu nahi zaituztegu otsailaren 14 eta 21ean OKEn antolatu dugun Komunikazio Tailerrera. Abenduan aurreratu genizuen moduan Ortuellako Gazte Asanbladaren eskaera batetik sortu da ideia hau.

Tailerra elkarteei, erakunde sozialei, auzoko elkarteei... Eta noski; herriko ikasle, artista edo horretan sakondu nahi duenari ere bai. Modu kolaboratiboan, herri komunikazioaz arituko gara, eta egun ditugun tresnak aztertu eta horietan sakonduko dugu; kartelen diseinua, blog eta sare sozialen kudeaketa.

Tailerra DEBALDE da, baina ondo antolatzeko aurretik izena eman beharko denez, bete inkesta hau.

Izena emateko azken eguna: otsailaren 12a.

2013/01/31

Justizia Soziala, bigarren bileraren balorazioa

Elkar ezagutu > Proiektuetan batu >Herritarrak mugiarazi > Egoerari buelta eman :)
Martitzean Ortuellako Gizarte Sarea osatzeko bigarren bilera izan genuen. Aurrekoan bezala partaide guztiek Justizia Sozialaren aldeko konpromisoa berretsi eta aldeko apustua egin zuten. 

Bilera honetara hurbildu ziren elkarteek, euren ekimen eta ibilbideren berri eman, eta ikusten dituzten gabeziak mahaigaineratu zituzten. Hauek dira bileratik ateratako inpresio batzuk, zeu bertan izan bazinen, zeureak ere jar ditzakezu:
  • Partaide gehienek Ortuellako Udala, eta alderdiak, urrun ikusten dituzte herritarrengandik eta euren arazoetatik. Udala geldi dago.
  • Ez dago udal politikan parte hartzeko aukera askorik, eta dauden bideek; batzordeak, proposamenak, idazkiak... ez omen dute gauza askotarako balio. (Puntu honen inguruan iritzi ezberdinak egon dira)
  • Elkarteetan ere nekea sumatzen da; urteetako borroken desgastea, mesfidantzak, jende gutxi lanean, besteen errealitatearen ezagutza falta... Dena dela, lan egiteko gogoa aipatu da, hitza hartu duten guztiek horixe aldarrikatu dute.
  • Elkarteen arteko dinamika berreskuratzeko ahalegina egin behar dugu. Auzotarrok batu eta elkarlanerako hau bezalako guneen beharra azpimarratu da.

Eta orain zer?
Beno, hurrengo batzarrerako denon artean lehentasunak markatu, eta  helburuak eta ekintzak zehatzak adosten hasteko proposatu da. Ziur gaude lana ez dela erraza izango, baina hitz egin dugun jende guztia oso animatuta ikusten ari gara.

Eta nik, zer egin dezaket?
Ortuellarra bazara eta  zure herria maite baduzu, hurrengo batzarrera etorri eta ekarpenak egin, erraza da, ezta?

Hurrengo batzarra: Otsailaren 26an, martitzena, 19:00etan OKEn

Bukatzeko positibomb tanta. Une hitsak datoz, baina koloreak ere badaude.


2013/01/28

Homenatge a Catalunya II


Aurreko asteko batzarrak lehen emaitzak ematen hasi da, horien artean garrantzitsuenetakoa dudarik gabe partaideen artean ematen ari diren elkarrizketak eta elkar ezagutzeko gogoa. Horren adibide, Alexek bidali digun dokumental interesgarria, Ortuellan martxan hasten garenerako baliagarria izan daitekeena.
Homenatge a Catalunya II. Dokumentala eta ikerketa da, baina ekonomia iraunkor, solidarioa eta deszentralizatuaren sorreraren istorioen historia ere bada. Sareak josiz indibidualismoa eta lanaren banaketa jerarkikoa gainditzeko. Milaka lagun mundu osoan. Hemen eta orain.

2013/01/22

Justizia Soziala, lehen bileraren balorazioa

Sartu elkartasunaren zurrunbiloan!

Ortuellan Justizia Sozialaren Aldeko Koordinakundea sortzeko asmoz, gaur bilera izan dugu herrian. Hitzordu honetara elkarte eta norbanako batzuk batu gara, orotara 24 pertsona, 24 herritar gaiarekin sentsibilizatuta gaudenok.

Gure artean dauden iritzi ezberdinak entzun ditugu, batzuk kontrajarriak, izan ere, horrelako egitasmoak hasieran ez dira antolatzeko errazak izaten. Hala ere, gehienok borondate handia daukagu eta kontuari ekiteko gogoa adierazi dugu, den-denok horren beharra ikusten dugu eta.

Laburbiltzeko, zera esango genuke:
  • Gaurko hasiera baino ez da izan, orain arteko esperientziek ez lukete hau baldintzatu beharko.
  • Elkarte edo taldeen gainetik Ortuellako herritarrak gara eta elkarrekin lanean hasteko beharra ikusten dugu, HERRIA egiteko beharra.
  • Horretarako sor daitekeen egitura guk geuk erabakiko dugu, Ortuellako herritarrok.

Datorren astean berriro elkartuko gara, eta horretan bakoitzaren asmoak, lanak eta espektatibak entzun eta gero, lehentasunak denon artean zehaztuko ditugu.

Hurrengo hitzordua: Urtarrilak 29, asteartea, 19:00etan OKEn

Bukatzeko:
1.- Lehen bilera hau deitzeko arduratu den lagunari eskerrak eman nahi dizkiogu, eskerrik asko Pablo :)

2.- Gaur adin eta tipologia ezberdinetako jendea batu bada ere, 24 lagunon artean soilik emakumezko 2 egon dira. Honi buelta eman beharko genioke, izan ere, aldaketarik ematekotan emakumeen ahotsak behar-behar ditugu eta.