Ortuellan pairatzen ari
garen egoera larria dela-eta; azken hilabeteotan elkarlanerako guneak
sustatzen eta dinamika berriak indartzen sartuta ibili gara. Horrek
hainbat batzar, deialdi, manifa eta mobilizazioren antolakuntzan
murgildu gaitu. Ortuellako Plataforma Soziala ibilbide horren emaitza
izan da. Lorpena, ez da LAU KATUrena bakarrik, noski! baina
hasiera-hasieratik buru-belarri sartu ginen horren aktibazioan eta
nahiz eta gure bestelako helburuak momentuz albo batera utzi,
fruituak ematen ari dela ikusten dugu.
Plataforma Sozialean gabiltzan talde,
kolektibo eta norbanakook herritarron parte-hartze zuzena
aldarrikatzen dugu, izen eta aurreiritzien gainetik, modu adostu eta
demokratikoan, protagonismo eta elkarlanean; denok batera, HERRIA
HERRITIK EGINEZ. Une honetan bi dira lantzen ari diren gaiak;
langabezi eta bazterketa soziala. Aurrerago beste asko daukagu
jorratzeko; auzoak, kultura, aisia, berdintasuna, udala, parte-hartze
zuzena...
Langabeziari dagokionez, eskaera zehatza egingo zaio Ortuellako Udalari ostegunean izango den udal
batzean, gardentasuna. Gardentasuna, ez dakigulako
zeintzuk diren udalak kudeatzen dituen lan-poltsetan aplikatzen diren
kriterioak. Gardentasuna ere Behargintzaren kudeaketan;
zeintzuk diren bere funtzioak, zenbat lan-postu sortu dituen hasi
zenetik, prestakuntza ikastaroen egokitasuna...
Horretaz berba egiteko, Ortuellako
Plataforma Sozialak BATZAR IREKIA deitu du ostegun honetan, ekainak
27, 19:00etan udaletxeko plazan. Bertan, zuen proposamenak, galderak
eta ideiak botatzeko aukera izango duzue. Horren ostean batzar
aretora igoko gara zinegotziek gure aldarrikapenak entzun ditzaten. Gora Herria!
No comments:
Post a Comment