2013/02/27

Drogak direla eta.


Gaur Berrian Julio Soto bertsolariak drogen gaia ekarri du eta eztabaida sortu da sarean. Askotan entzun dugu Ortuellan errazagoa dela ostiral batean koka gramo bat erostea otartekoa baino. Zer iritzia dago Ortuellan horren inguruan? Nola bizi dugu herrian errealitate hori? Zer hausnarketa egiten duzu zuk?

Hemen artikulua: hautsak harrotzen
Ukaezina den datu bat da. Euskal herritarrak drogatu egiten gara. Euskal Herrian droga kontsumitzen da. Desfasearen amaraunak loturik gauzka. Alkohola amaraunaren hari bat. Ziurrenik ez luzeena. Komunetik sudurzulo zurituekin ateratzea parrastada bat botatzea bezain arrunta da. Gogorra, baina egia.

Normalizaturik dago kontsumitzea. Normalizaturik eta ongi ikusia. Arraroa zu, zerbeza eskutan ezagutzen ez duzun tipo batek tiro bat eskatzen/eskaintzen dizunean, uko egitean. Sentsazio berdingabea omen den horri uko egitean. Arraroa zu, txosna bateko barraren gainean arrasto bat prestatzen ari denari kargu hartzean.

Urte batzuk atzera, ibiltzen ziren ezkutuan kaka banatzaileak. Bat baino gehiago izan ziren etxera bizkarra berotuta itzuli zirenak. Egin zen drogaren inguruko gogoeta sakon bat, ezkerretik. Identifikatu zen arazo larri baten aurrean geundela. Euskal Herrira kaka sartzea, kasualitatetik urrun zegoen fenomenoa zela. Jakina zen hautsa torturatzen gaituzten horien eskuetatik sartzen zela. Euskal gazteria kakaztu nahi zutela, desaktibatu. Gogoetak drogaren aurkako kanpaina batean ikusi zuen argia. Ahots kritiko batzuk altxatu ziren. Badakizue zertaz ari naizen.

Igaro dira urteak eta erresistentzia indarra higatzen joan zaigu. Begien parean trapu bi. Ahaztu nahi izan dugu nork sartzen duen kaka Euskal Herrira, zergatik sartzen duen, zein ondorio dituen gugan eta zein, hil-hurren dagoen gure herriarengan. Sinetsi dugu arrunta behar duela izan kontsumitzeak. Sinetsi, euskal gazteriak berdin emango diola arnasa askapen prozesuari sudurzulo zurituekin.

Beldur ematen digu gaiari heltzeak. Badakigulako tsunami bat altxatuko dela. Haserretuko garela. Badakigulako gehiengoari gustatuko ez zaizkigun erabakiak hartu beharko direla. Baina iritsi da hausnar egiteko garaia. Droga kontsumoaren inguruan tentsioa sortzeko garaia. Hautsak harrotzekoa.




No comments:

Post a Comment