2013/03/20

euskararen lekukoa Ortuellan


Ostiralean Korrika Ortuellara helduko da. Edizio honetan eman euskara elkarri lemapean, euskara ikasten ari diren lagun guztiak omendu nahi ditu Korrikak. Ortuellako euskaldun gehienok ez dugu euskara etxean jaso, euskaltegian edo eskoletan ikasi dugu, beraz; aurtengo omenaldia guretzat ere bada.

Ortuella lagun askoren esfortzua eta konpromisoari esker euskaldunagoa da orain; euskaltegietako matrikula pagatu zuen langabetua, barnetegira euskara hobetzeko joandako gurasoa, berbalagunen astero laguntzera doan euskalduna, euskararen aldeko aldarrikapenak egiten dituen euskaltzalea, lan-baldintza eskasetan urteetan ibili den euskara irakaslea...

Euskaldunberri horietako asko Ortuellako AEKn ibili ginen ikasten. Ikasten eta... txosna txandetan, pegatak ipintzen eta dirua biltzen... eta dibertitzen ginen. Ortuellako AEK urteetan euskararen erreferentzia bakarra izan zen herrian, gero beste batzuk etorri baziren ere, euskaltegia izan zen ekimen mordoren sortzailea; bertso afariak, jaialdiak, txangoak, kultur emanaldiak, Euskararen Astea bera... Garai hartako euskaltegiko ikasleontzat Korrika, AEKegunarekin batera, euskaltegian egindako esfortzua ospatzeko aukera aparta zen.

Beharbada eskoletan ezagutu zuten umeentzat Korrika beste gauza bat izan zen, Korrika txikia eskolako hormetatik haratago zegoen zerbait majikoa, olentzaro moduko zerbait, euskararen beste ikuspegi bat. Euskal komunitatea irudikatzeko aukera bat.

Edonola ere, Korrika herri gisa zer izan nahi dugun hobekien islatzen duen adierazpena da. Eta era berean, euskaltegietarako dirua biltzeko herri ekimena ere bada. Horrexegatik saltzen dira kilometroak, petoak eta bestelako materiala. Ez da normala herri batek bere hizkuntza bizirauteko dirua eske ibiltzea, baina halaxe da dugun egoera politikoa tamalgarria, euskara ez da inoren agendetan sartzen. 
 
Kilometroak egitea erakustoki bilakatu da urte hauetan, lehen oztopoak jartzen zituztenak prestu daude orain petoa janzteko, argazkian ateratzeko. Euskararen alde esfortzu txikiena ere egiteko prest ez daudenak bertan ikusiko ditugu, euren izenak furgonetatik esango dira, euren aldarrikapenak entzun beharko ditugu KORRIKAk ematen dien aukeraz baliatuta. Baina zer egingo dugu bada? Badakigu kilometroak erostea eta euskararen lekukoa eramatea batzuetan ez datozela bat.

Baina KORRIKA ostiralean Ortuellan sartuko da eta zeu ere bertan ikusi nahi zaitugu, Ortuellako euskaldunok euskaraz bizi nahi dugula ozen esateko unea delako. Gora KORRIKA!

No comments:

Post a Comment